«Ekintzailea den kulturatik hitz egin behar dugu»
Josemi Beltranek (Zarautz, 1972) hamalau urte daramatza Giza Eskubideen Zinemaldiaren gidaritzan. Garai makurrenak igarota daudela sinetsita, sendotutzat du zinema jaialdia, eta mugarri handirik gabe, eskaintzaren kalitatea hobetzea du xede. 21. jaialdiaren atarian aletu dizkigu programazioaren ildo nagusiak.
Nola dator aurtengo jaialdia?
Oso pozik gaude askotariko kolaborazioak ditugulako aurten ere. Gure zinemaldiaren izpirituan beti izan dugu txertatuta hiriko beste eragile eta elkarteekin dugun elkarlana. Horregatik, gaur inaugurazioa dugun arren, dagoeneko hasi dela esan dezakegu, astelehenetik daramagulako ekitaldiekin, gainerako elkarte eta eragileekin batera.
Benito Zambranoren ‘El salto’ filmarekin abiatuko duzue jaialdia.
Oso egokia da gure festibalerako, migrazioen inguruan ari delako. Gai hori iraunkorra da zinema jaialdian eta askotariko ikuspuntutatik lantzen dugu. Aurten, adibidez, Agnieszka Hollanden Green border dugu , baita asilo eskatzaileekin lan egiten duten itzultzaileen inguruko Le mot je t’aime n’existe pas dokumental frantsesa ere.
Migrazioek ez ezik, Palestinak ere izango du bere tartea.
Beti galdetzen diogu geure buruari zer nolako ekarpena egin dezakegun. Bada, aurten, tarte handia izango du Palestinak. Kultur zinemaldi bat gara, eta kulturatik hitz egin behar dugu, baina ekintzailea den kulturatik. Hiru emanaldi daude lotuta Palestinarekin [The Tower, Bye Bye Tiberias eta film laburren saio berezia]. Horrez gain, solasaldi bat izango dugu adituekin.
Azken urteotan egin den moduan, indarkeria matxistaz ere arituko zarete?
Bai. Kasu honetan, haurtzaroko indarkeria ikusiko dugu, batik bat. Neska gazte bat bahitzen du ISISek Mediha filmean, eta beste neska gazte bat dugu protagonista Nina pelikulan. Kasu horretan, idazle eta jarraitzaile baten arteko harreman toxikoa islatzen da. Ziur aski, aurtengo euskal ekoizpen garrantzitsuenen artean egongo den filma da.
Nazioarteko filmen artean, beti izaten duzue euskal ekoizpenen bat?
Beti saiatzen gara eta zortea dugu, urtean zehar gizarte kontzientziatik sortutako kalitatezko produkzioak ditugulako. Pozgarria da gure jaialdia haientzako leiho bat izatea. 21 urte dira lanean, eta pentsatu nahi dugu guk ere egin dugula gure ekarpena euskal zinemagintzan.
Aurten, zeintzuk dira topatu daitezken euskal produkzioak?
Lau film labur daude nazioarteko kategorian, eta Aitor Gonzalez de Langaricaren Muerte en Amara dugu. Gainera, Ander Iriarte eta Amaia Merinoren Indarkeriaren oi(h)artzunak filma ere aurkeztuko dugu.
Eta, oro har, zeren arabera egiten da filmen aukeraketa?
Gure programa ez da oso handia, hogei emanaldi inguru ditugu eta ezin ditugu gai guztiak jorratu, baina saiatzen gara aniztasuna eskaintzen. Niretzat garrantzitsuena da oreka bilatzea mezuaren eta kalitate zinematografikoaren artean. Konpromisoa, aktibismoa eta interes zinematografikoa bilatzen ditugu.
Ez da lan makala izango…
Tira, azterketa bat egiten dugu eta guri ere filma asko iristen zaizkigu. Horrez gain, solasaldiei begirako gaiak aukeratzen ditugu. Egunero solasaldi bat izaten dugu, baina filma ez da aitzakia bat ondoren hitz egiteko. Gure filmak ez dira erosoak izaten, ez gaudelako horretarako. Filmak indar propioa izan behar du, eta baliagarria izan behar du hausnarketarako. Baita ondoren gure errealitatera ekartzeko ere.
Gure errealitatera, nola?
Demagun, ingurumenari buruz hitz egiten duela filmak. Proiekzioaren ondoren, estatura edo Euskadira ekartzen dugu afera solasaldien bitartez. Hurbiltasunaz gain, askotariko begiradak bilatzea garrantzitsua da.
Askotariko gaiak , askotarikoak baitira aferak ere. Gero eta agerikoagoa da film hauen beharra?
Zarata guztiaren erdian, tartea hartzen dugu gaien inguruan hausnartzeko eta horien inguruan lasai hitz egiteko. Pentsa, Palestinaren inguruko albisteak ditugu egunero hedabideetan, baina zinemagileek egiten duten ekarpena oso bestelakoa da.Beste sakontasun eta erritmo batekin egindakoa da. Hori da guri interesatzen zaiguna eta egin behar dugun ekarpena. Horrez gain, ahotsa ematen diegu beste plataforma batzuetan inoiz ikusgai izango ez diren lanei.
Helduengan ez ezik, haurrengan ere bilatzen duzue hausnarketarako bidea.
Bai, hiru film aukeratu ditugu hiru adin tarterentzat. Lan pedagogikoa egiten dute eskoletan irakasleekin batera, baina pantaila handian eta aretoetan ikusten dituzte filmok, guretzako oso garrantzitsua delako kulturalki ere zinema aretoetara joateko ohitura sustatzea. 3.400 haur izango dira aurten, erritu horretan. Eskainiko diren hiru filmetatik bi, sentsibilitate handiarekin sortutako animazioak dira. Eta, zer esanik ez, hirugarrenarekin, 20.000 erle espezie da eta.
Ohi bezala, aurten ere sari berezia emango duzue. Fernando Leon de Aranoak jasoko du merezimenduzko saria.
Bai, nahiko argia da aitortza, eta eztabaida ezina. Bere filmografia oso koherentea izan da beti, hasieratik jorratu izan ditu gizarte gaiak. Prostituzioa, etorkinak, lana, politika, osagai horiek beti agertzen dira bere filmetan. Horrelako zuzendari gutxi daude. Nik uste dut Leon de Aranoaren lan guztietan gizarte begiradaren kutsua dagoela eta konprometituta dagoela.
21 urte daramatza zinemaldiak. Osasuntsu dagoela esango zenuke?
Pandemian bertan behera utzi behar izan genuen, baina laster ikusi genuen jendeak bueltatzeko gogoak zituela. Laster berreskuratu ditugu zenbaki onak; bai emanaldi irekietan, bai ikasleen kasuan. Jendeak oso erantzun ona du Donostian. Gainera, oso nahasketa polita dago publikoaren artean, jende gaztearen eta helduagoen artean. Emanaldiaren arabera ere, oso bestelako ikus-entzuleak izan ditzakezu.
Zein da jaialdiaren egungo erronka nagusia?
Nik uste dut formatua ondo dagoela dagoen moduan. Ez dut uste beharrezkoa denik emanaldi gehiago gehitzea. Hori baino, kualitatiboki hazi nahi dugu, arlo pedagogikoa, solasaldiak eta elkarteen parte hartzea hobeto landu. Guretzat oso aberasgarriak dira arlo horiek, eta lan horretan sakontzea da gure helburu nagusia; egungo formatuarekin jarraitu, eta hura finkatzea.
Ez dut uste beharrezkoa denik emanaldi gehiago gehitzea. Hori baino, kualitatiboki hazi nahi dugu, arlo pedagogikoa, solasaldiak eta elkarteen parte hartzea hobeto landu. Guretzat oso aberasgarriak dira arlo horiek, eta lan horretan sakontzea da gure helburu nagusia; egungo formatuarekin jarraitu, eta hura finkatzea.