Koisi ostatuak sortzen dituen zaraten inguruko azalpenak eskatuko dizkiote udal gobernuari
Antiguako Heriz pasealekuko 38. zenbakian dago Koisi ostatua. 2016an ireki zutenetik, salaketa ugari jarri dituzte zaratengatik ondoan bizi diren bizilagunek. Besteak beste, ostatuak eraikitako terraza estalia ilegala dela ohartarazi dute, eta, horren aurrean, neurriak hartzeko eskatu diote hainbatetan udal gobernuari. Eskaera hori bera jasotzen duen interpelazio bat aurkeztuko du EH Bilduren udal taldeak datorren astelehenean, Lurraldearen Garapen eta Plangintza Batzordean.
Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziari Koisi ostatuak eragindako kalteen inguruan galdegingo diote. “Terraza eremu estalia bihurtu da, nahiz eta horretarako lizentziarik ez izan. Gainera, elementu horren gainean barra bat eraiki da, zarata eta eragozpen iturri erantsia izanik bizilagunentzat”, azaldu du EH Bilduk. “Udal gobernuari eskatuko diogu argitzeko zein neurri hartu dituen eta zergatik ez duen eraikina lehengoratzen, legea betez, bizilagunen lasaitasuna bermatuz”.
Udal taldeak berretsi duenez, ostatuko bezeroek terrazari ematen dioten erabilera motak eta jarduerek sortzen dituzte arazo eta eragozpen nagusiak. “Inguruko bizilagunek udaletxean bertan aurkeztu dituzten salaketa ugarien arabera, chill out terraza gisa erabiltzen ari dira aipatu espazioa, besteak beste, edariak eta jatekoak kontsumitzeko. Salaketetan kaltetuek jasotzen dutenez, 47/2016 Obra Nagusiko Lizentziak ez zuen baimenik ematen terrazadun espazio hori ixteko; are gehiago, esaten zen espazio hori ezin zela itxi”.