Nazioarteko adituek ura izango dute hizpide Kursaalean
Igandetik, datorren asteazkenera bitarte, 619 lagun bilduko dira Kursaal jauregian uraren galeren inguruan aritzeko.
Kursaal kongresu jauregia Water Loss konferentziaren egoitza izango da igande honetatik apirilaren 17ra bitarte. Hitzaldi horietan, uraren kudeaketa izango dute hizpide, eta ur galerarik ez izateko ezagutzen diren aurrerapenak, teknikak eta estrategiak partekatuko dituzte, besteak beste.
Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako zinegotzi Carlos Garciak azaldu duenez, “ur galerak izatea ohikoa eta arrunta da hiri guztietan, bai hodi sarea zaharra delako, bai lurrean obrak eta mugimenduak izan direlako”. Udalako datuen arabera, Donostiak uraren % 13 inguru galtzen du ihesetan; hori horrela, garrantzitsua da horiek detektatzea, kudeatzea eta kontrolatzeko sistema on bat izatea.
Udaleko iturriek ohar bidez azaldu dutenez, Kursaalean egingo den konferentzia egungo ur galerei buruzko nazioarteko batzarrik garrantzitsuena da. 2002az geroztik, bi urtean behin biltzen dira naziaoarteko aditu eta profesionalak, berrikuntzen inguruan aritzeko. Donostiako hitzorduaren kasuan, 69 herrialdeetako 619 lagun elkartuko dira eta 129 ponentzia egingo dituzte: ihesak detektatzeko azken teknikak, sarearen monitorizazioa, ura neurtzeko sistemak, eta adimen artifizialaren erabilera landuko dituzte, besteak beste.
Konferentziarekin batera, erakusketa gune bat ezarriko dute antolatzaileek, eta uraren sektorearekin lotutako nazioarteko 38 enpresaren erakuslekuak ere egongo dira ikusgai.