Sorleku parkea errealitate bihurtzeko zain jarraitzen dute
Behar baino luzeago jotzen ari da Intxaurrondoko Sorleku parkearen proiektua. 2017an jaio zen, eta Alubi elkarteak gidatuta, auzotar ugariren artean diseinatu zuten auzotarren elkargune izango zen parkea. Orain, proiektua berraktibatu du udalak.
Dbusen egoitzaren ondoan dagoen lursail handi batean dira egitekoak Sorleku parkea. Urte luze daramatza hutsik eta erabilerarik gabe ia 6.000 metro koadroko azalera duen eremu horrek, eta Alubi elkarteko Larraitz Esnaolak eta Idoia Morenok auzoarentzako espazio bat sortzeko proiektua abiatu zuten 2017an.
Ondoren, 2018 eta 2019 urteen artean, Zurriola Ikastolako 300 haurrekin parte hartze prozesu bat egin zuten, haurrek nahi zuten parkea diseinatu zezaten. Haurren ideia eta proposamenetan oinarrituta, Sorleku parkearen nondik norakoak planteatu zituzten, eta beste parte hartze prozesu bat egin zuten 2021ean, auzoko adinekoekin, elkarteekin, eta abarrekin, Ekialdeko Barrutiaren babesarekin.
Ordutik, ordea, proiektua geldirik egon da, IZBE auzo elkarteko Izaro Basurkok deitoratu duenez: «Parte hartze prozesua egin genuen, eta ondo egon zen, auzo elkarteko kideok, auzoko adinekoek, ikastetxeko jendeak, eta beste askok parte hartu genuelako. Baina hor gelditu zen gaia. Harremanetan jarri gara hainbatetan udalarekin, baina ez digute ezer zehaztu orain arte».
Alubi elkarteak argitaratutako prozesu guztiaren laburpen bideoan ikus daitekeenez, 2021eko parte hartze prozesu hartan, Mariaje Idoeta Auzoetako zinegotziak esan zuen parkearen exekuzioa 2022ko udazkenerako zegoela aurreikusita. Agerikoa da ez zela hala gertatu, eta gaur gaurkoz udalaren webgunean irakur daitekeenez, 2023ko martxotik abiatuta, hemezortzi hilabeteko epean zeuden aurreikusita oinarrizko proiektua idaztea, exekuzio proiektua idaztea, obraren lizitazioa eta exekuzioa. 2023ko martxotik hona ez da pausorik eman, baina berriki berraktibatu dute proiektua, Udalak Finantzatzeko Foru Funtsetik jasotako diruarekin. Hain zuzen ere, 2024ko udal aurrekontuetan 66.000 euro zeuden aurreikusita Sorlekurentzat —600.000 euroko aurrekontua aurreikusi zuten parte hartze prozesuaren ostean—, eta funts horietako 334.000 gehituko dizkiote orain Sorlekurentzat aurten bideratutako diru sailari.
«Beste proiektu batzuk askoz azkarrago eta inolako parte hartze prozesurik gabe egiten dituzte: Basque Culinary Centerrena, adibidez»
Izaro Basurko, IZBE auzo elkartea
Itxaropentsu zein mesfidati agertu da Basurko proiektuaren berrabiaraztearekin: «Atzerapenak salatzeko argitalpen bat egin genuen guk gure blogean, hedabide batzuetan agertu zen eta EH Bilduk gaia eraman zuen udalera, eta badirudi orain, horren ondoren, gaia berraktibatuko dutela. Hala ere, aurretik ere egon zen diru partida bat aurreikusita udal aurrekontuetan eta ez zen egin, beraz, ikusiko dugu. Behintzat, espero dugu legealdi honetan egitea».
Askotariko espazioak
Haurren, adinekoen zein auzoko eragileen proposamenetatik ateratako ideiekin diseinatu zuten Alubi elkartekoek Sorleku parkea, eta mota askotako espazioak zituen diseinuak, Basurkok gogoratu duenez: «Parkearen inguruan paseatzeko eremu bat zegoen, umeentzako ur jolasak, egurrezko jolasak, irakurtzeko edo lasai egoteko eremu bat, estalki bat, zona berde bat, eta abar». Halaber, eremu horren historia ezagutzeko ere balio izan zuen parte hartze prozesuak, IZBEkoak azaldu duenez: «Dbusen egoitza ondoan jarri aurretik, futbol zelai bat egon zen hor, eta IZBEko Josean San Romanek kontatu zigun garai batean errekatxo bat pasatzen zela hortik, eta auzokoak joan ohi zirela arrain batzuk arrantzatzera. Parte hartze prozesuan, hain zuzen ere, atera zen eremu horren memoria berreskuratuko zuen elementuren bat txertatzeko ideia».
Horrela, Basurkok nabarmendu du Sorleku parkeak Intxaurrondok dituen behar batzuk beteko lituzkeela: «Eremu hori berdetu beharra dago, oso utzita dagoelako eta inguruan ez daudelako espazio libre asko. Bestalde, segurtasunaren aldetik, nahiko puntu iluna da inguru hori gaur egun, eta birgaituz gero, iluntasun hori arinduko litzateke. Baita ere, lotura bat egingo luke Matigoxotegiko zonaren eta Intxaurrondo Zaharraren artean, eta nahiko eskura geldituko da Zurriola Ikastolako zein Intxaurrondo Ikastolako haurrentzat».
Horregatik, IZBEkoak argi dauka Sorleku parkea errealitate bihurtzeko borrokan jarraituko dutela, baina aitortu du «etsigarria» izaten ari dela prozesua: «Parte hartze prozesuetan, jendeak gogoz hartzen du parte, eta bere denbora librean egiten du. Baina etsigarria da ikustea garatutako proiektu guztia ahaztuta gelditzen dela eta ez digutela inolako informaziorik ematen. Gero esaten da jendeak ez duela halako prozesuetan parte hartzen, baina horrela zaila da, ikusten duzulako horretan inbertitu duzun denborak ez duela balio. Aldiz, ikusten duzu hirian beste proiektu batzuk askoz azkarrago eta inolako parte hartze prozesurik gabe egiten dituztela: Basque Culinary Centerrena, adibidez, bizilagunak aurka edukita ere, aurrera doa».