Txorien doinuak ezagutzeko irteera bat egingo dute Ametzagainan
Arditurrik antolatua, apirilaren 20an ibilaldia egingo dute parkean, Mikel Olano basozainarekin batera.
Udaberria iritsi da eta egunak luzatzearekin batera maizago entzuten dira txorien kantuak. Baina, inguruan ditugun zenbat txorien kantu ezagutzen ditugu? Bada, galdera horri erantzuteko saio berezia antolatu du Arditurri elkarteak. Apirilaren 20an, larunbata, txori kantuak ezagutzeko jardunaldia prestatu dute Ametzagaina parkean.
Mikel Olano basozaina eta aditua izango da saioaren gidaria. “Mikel Olanok daukan ezaguera maila harrigarriari, komunikatzeko gaitasun aparta erantsi behar zaio. Ornitologian askotariko proiektuetan hartu du parte, besteak beste, pasa den urrian aurkeztu zen Euskadiko hegazti ugaltzaileen lehen atlas modernoan”, azaldu dute antolatzaileek.
Parkearen inguruetatik ibilaldia prestatzeaz gain, Olanoren laguntza izango dute bidean zehar txori espezie ugari identifikatu eta bakoitzaren bizimoduari buruzko bitxikeriak azaltzeko: “Naturarekin harremanetan jartzea, plazera izateaz gain osasungarria ere bada eta txorien mundura hurbiltzea esku-eskura daukagun aukera da, gainera, haien ezagueran sakontzeak ingurunea zaintzearen garrantziaz sentiberatzen lagunduko digu, besteak beste, diote Arditurriko kideek.
Hitzordua goizeko 10:00etan izango da, aurrez izena eman beharko da arditurrigipuzkoa@natura.eus edo 943 49 42 48 telefonoan.