«Uharte bizigarria eraiki nahi izan dugu»
Elias Kerejeta Zine Eskolako hamalau ikaslek sortu dute 'Irla mortu bat' proiektua. Bederatzi film proiekzioz eta bi instalazioz osaturiko lana da, eta etzi du amaiera. Bi arloetan lanean ibili den Ana Julia Silvinorekin (Sao Paulo, Brasil, 2000) mintzatu gara. Artista hau Loiolan bizi da egun, eta proiektuaren inguruan mimotik eta miresmenetik aritu da.
Nola eta nondik sortu da ‘Irla mortu bat’ proiektua?
Zine eskolako taldeko lana da, eta hamalau pertsona elkartu gara proiektua sortzeko. Bederatzi filmez eta bi instalazioz osaturikoa da, eta gai nagusia irla eta bertako bide berriak dira. Helburua guk dena programatzea da: aurrekontu bat eman digu Tabakalerak eta programa osoa sortu dugu, denon artean.
Zertan oinarritu zarete gaiari heltzeko?
Guilles Deleuzeren testu batera iritsi ginen, Causas y razones de una isla desierta izenekoa, eta horrek inspiratu gaitu, berriro hasteko ideiaz hitz egiten dugulako eta uhartea beste hasiera bat balitz bezala landu dugu. Hortik hasi ginen, pelikula oso pluralekin, artxipelago bat eraikiz hainbat lekutatik, berriz hasteko ideia gustatzen zitzaigulako.
Maitasunaren ideia lantzen dugu, baita uhartea eta bertako komunitatearen ideia ere. Halaber, hizkuntza eta aniztasuna presente izan dira; finean, Tabakaleran uharte bizigarri bat eraikitzeko asmoa izan dugulako.
Berriz hasteko ideia hau kezkatik dator? Proposamen irmoa da?
Modu bateratuan pentsatzeko prozesu horretan, etengabe kohesionatzen ari den komunitatearen ideia zalantzan jartzen hasi ginen. Gaur egun zinemarekin eta zinema aretoekin zein harreman dugun pentsatu eta hausnartu dugu. Iraganeko filmak proiektatu nahi izan ditugu, bai, baina guretzako inportanteak diren gaiak eta eztabaidak planteatzen zituztenak.
Nola da hamalau lagunez osaturiko talde batean sorkuntzan aritzea?
Oso intentsoa da. Proiektua ondo egiteko antolatuak izaten saiatu gara. Taldeka banatu ginen, nahiz eta programazioa elkarrekin egin genuen: filmak aukeratu eta nor gonbidatuko genuen adostu. Urritik ari gara honetan lanean, eta berezia izan da, azkenean, aurkeztu ahal izatea.
«Lurralde bateko kide izateari buruzko eztabaida ekarriko zuten filmak nahi genituen»
Talde plurala da zuena.
Erabat. Eskola internazionala denez, munduko leku guztietako jendea dago, eta hainbat hizkuntza entzuten dira. Aniztasuna ahalik eta gehien txertatzea zen, baita ere, proiektuaren helburua.
Instalazioek ere horretarako balio izan dute?
Deva Peredaren Lika instalazioak guztiz zeharka du aniztasunaren gaia; izan ere, Bidasoa ibaiaren eztabaida uhartea pentsatzetik dator. Igarotzen saiatzen den gorputz etorkinari buruz egin du Devak instalazioa, eta eskolan, orokorrean, migrazio sentimendu pertsonalak erakusten dira aukeratzen ditugun proiektuetan eta filmetan.
Denak du proposamen eta posizionamendu politiko oso landua.
Bai. Hasieratik gure kezka nagusia hau izan zen, hainbat lurraldetatik gatozelako, eta hiri honen errealitatean elkartu garelako bideaz eztabaidatzeko.
Guk migratzeagatik ditugun kezkak helarazi nahi genituen, eta horretarako, lurralde bateko kide izateari buruzko eztabaida ekarriko zuten filmak nahi genituen.
Zein unetan bururatu zaizue zinema programazioari laguntzeko bi instalazio sortzea?
Deva dagoeneko ari zen gai honen inguruan eskolan lanean, eta lan hau master amaierako bere lana da. Urtebete zeraman Bidasoa ibaiaren legeak eta tratatuak ikertzen, eta urtearen amaieran guk haren instalazioa ikusi genuen, eta programa leku hain antzeko batetik planteatzen ari ginenez, leku hori egokitu genuen, nahiz eta haren instalazioa aurretik egina zegoen.
Eta zure soinu instalazioa?
Nirea programaren planteamenduaren barruan joan da; izan ere, uharteen eztabaidan turismoak gehiegi esploratu duen Santa Klara irlara joatea erabaki nuen, bertako soinuak grabatzeko asmoz. Afrobrasildarra naiz ni, eta itsasoaren jainkosarekin harreman estua dut. Gure herrialdean jainkosari baimena eskatzen diogu bere uretan sartu aurretik, eta niretzat hau oso eztabaida garrantzitsua da, hemen ez baitago jainkosa hau gurtzerik, baina itsaso hau bera bada, baita ere. Horretan lan egiteko beharra sentitu nuen, eta horregatik deitzen zaio instalazioari Odoyá ez dago, bera baita itsasoen jainkosa.
Gainera, neguan joan ginen, eta hori oso lagungarria egin zitzaidan bertakoarekin konektatu ahal izateko. Lurralde hau aktiboki entzuteko esperimentu bat sortu nahi nuen, eta harreman espiritual horiek ekarri nahi nituen.
Nola entzun ditzakegu grabazio hauek?
Instalazioa zero solairuan dago, postprodukzioa duen grabazioa da eta hiru minutu inguruko iraupena du, espazioan etengabe errepikatzen dena. Instalazioan aulkiak daude, eta iristea, esertzea eta entzutea da asmoa.
Badira soinuari laguntzen dioten beste elementu batzuk?
Testu batzuk daude, Odoyarekiko harremanari buruzkoak, eta Audre Lorde feminista beltzaren poema bat, De la casa de Iemenjá izenekoa, eta «ama, zure belztasuna behar dut orain» dioena. Niretzako hau izugarri inportantea da, Donostiako kaleetan barrena noalako eta ez dudalako pertsona beltzekin topo egiten. Instalazioak eta proiektu guztiak, oro har, aukera eman dit nirekin eta nire beharrekin konektatzeko.