Zubietako etxe bat hautatu dute 2024ko Arkitektura sarietarako
Espainiako Arkitektoen Elkargoen Kontseilu Gorenak (CSCAE) eta COMPACek berriki eman dute ezagutzera 2024ko Arkitektura sarietarako hautagaien zerrenda, eta Zubietako etxebizitza bat sartu dute hautagaien artean. Araeta erretegiaren inguruan eraikitako etxebizitza bat da, familia bakarrekoa eta Bauhaus korrontea jarraitzen duena. Hori horrela, eraikinaren sortzaileek iraunkortasuna eta edertasuna izan dituzte helburu nagusi, korronte horrek hirietako bizi kalitatea hobetzea baitu xede.
Eraikinak zura du ezaugarri nagusi, eta berezitasun horrek egiten du desberdin. Kanpoko estrukturatik harago, zuraren eta espazioen garrantzia agerikoa da barruko lanetan ere. Interiorismoa, diseinu arkitektonikoa eta obra zuzendaritza Amaia Aranarenak dira, eta Iñaki del Prim arkitektoarekin aritu da elkarlanean, azken honek obraren zuzendaritza gain, arkitektura proiektua sinatu baitu. Etxebizitzaren lanak iaz amaitu ziren, eta estatuko arkitektura sarietarako izendapena jasotzeaz gain, AMAD sarietan eta 2023ko Zurezko Arkitektura proiekturik onenak biltzen dituen AITIM aldizkariaren zerrendarako ere hautatu zuten.