«Gaur erantzun bikaina jasotzea espero dut, eta bide bati hasiera ematea»
Alkateak pozgarritzat jo du igeldotarrak "ilusioz gainezka ikustea", eta galdeketan parte hartzera animatu ditu.
Eneko Goia Donostiako alkateak agerraldia egin du Igeldon, bizilagunak Toki Entitate Txikiaren galdeketan parte hartu dezatela animatzeko. “Urteak eman ditugu Igeldoko Herri Kontseiluarekin lanean eta horren emaitza da gaur herritarrei galdetzen dieguna. Horrekin aurrera egitea nahi duten bai ala ez”. Bi administrazioen artean ondutako proposamen horrek herritarrentzako hobekuntzak dakartzala baieztatuta, emaitza “baiezkoa” izatea espero duela onartu du: “Gaur erantzun bikaina jasotzea espero dut eta bide bati hasiera ematea, merezi duelako”, adierazi du Goiak.
Donostiako alkateak azaldu duenez, ez da egun batetik bestera gertatuko den zerbait, baina emaitza baiezkoa izanez gero, Toki Entitate Txikiaren “eraketa uda alderako formalki egina egotea” espero dute udalean. Lehen urte erdian, 250.000 euroko aurrekontua aurreikusten dute, baina kantitatea mailakatua izango da eskumenak ere bi fasetan egingo baitira: “Eskuduntzak aldatzen joango dira eta aldatzen doazen heinean aurrekontuak ere horri egokituko zaizkie”.
Eskumen horiek, hain zuzen, gertutasuna bermatuko dute Goiaren iritziz. Azaldu duenez, Toki Entitate Txikiaren bitartez, lehentasunak igeldotarrek finkatuko dituzte zuzen-zuzenean: “Zer den benetan garrantzitsua, zerri eman nahi dioten lehentasuna eta horri erantzuteko gaitasuna izango dute. Nik uste dut hobeto erantzungo direla herritarren asmo eta nahi horiek”. Adierazi duenez, halaber, prozesu horretan guztian igeldotarren zerbitzu guztiak mantenduko dira: “Igeldoko Entitate Txikiak gaitasuna duen arte, udalak zerbitzuak mantenduko ditu”
Tokiko entitate txikia eratu eta berehala eskualdatuko diren eskumenak zehaztuta daude dagoeneko. Besteak beste, kirola, kultura eta euskara zerbitzuak sustatzeko eskumenak izango dituzte datozen hilabeteetan, gaurko emaitza baiezkoa bada. Aldiz, bigarren fase batean gelditiko liratekeen eskumenak zehazteko lanak —hirigintza eta etxebizitza, esaterako—, denboran luzatuko dira: “Badaude eremu batzuk bien artean ikusi edo aztertu behar ditugunak eta ikusi noraino nahi duten edo komeni den”, adierazi du Goiak.