Igeldon, herri galdeketa dute gaur
Igeldon bero egin du goizetik, baina nahiko hotz hasi dute bozketa. Lehen orduetan herritar gutxik eman dute botoa, eta batik bat, kanpainako giroa nagusitu da.
Hauteskundeetarako astebete falta den arren, Igeldon hautetsontzia izan dute hizpide goizeko lehen ordutik. Nolanahi ere, hauteskundeetan gertutu ohi den moduan, tanta kontagailuen gisan iritsi dira botoa ematera herritarrak, eta erroldatuen izen zerrenda luzea kasik azpimarratu gabe izan dute teknikariek lehen orduetan; 9:45erako lehen hogei lagunek zuten botoa emanda, horietatik hamabost, aurretiaz, udaleko zerbitzuen bitartez. “Taberna irekitzekoan etorriko dira gehienak”, azaldu dute udal teknikarien alboan eserita zeuden Herri Kontseiluko bi kideek.
Hamarretarako, ordea, girotu da Itsasaurre eraikina. Boto emaileak ez dira dezente ugaritu; bai, ordea, politikariak. Euskal Autonomia Erkidegoko hauteskundeen atarian, udaleko eta EH Bilduko ordezkariek euren agenda politikoan sartu dute Igeldoko galdeketaren hitzordua. Lehen agerpena Donostiako alkate Eneko Goiarena izan da. Udal teknikariekin hitz batzuk elkarbanatu ostean, alkateak hedabideekin hitz egin du, bozketaren balorazioa egiteko.
Minutu batzuk geroago bertaratu da Juan Karlos Izagirre, alderdikideez inguratuta. Donostiako EH Bilduko bozeramaileak, Nerea Kortajarena eta Maddalen Iriarte izan ditu aldamenean, eta kanpaina egunetan zehaztuta dauden argazki eta solasaldien artean, murgildu da bizilagunekin herriko galdeketan. Bozeramaileak irribarretsu sartu du galdeketaren 58. botoa, goizeko hamaikak aldera.
Goiz eguzkitsuak berotu ditu igeldotarren kaleak; herritarrek, baina, hotz hasi dute bozketa eguna. Igeldotar baino hedabide gehiago izan dira une askotan bozka gunean, eta botoa ematera ausartu diren gutxi horiek kamera eta mikrofonoz beteriko gela bati egin behar izan diote aurre. Mediatizatutako galdeketaren ostean, kanpoan bildu dira horietako asko, hedabide mordoaren aurrean botoa eman izanak sortutako giro deserosoaz aritu eta eguneko sentsazioak partekatzeko.“Ez da guk nahiko genukeena” azaldu du Koldok, bozka hautetsontzian sartu ondoren. “Pozgarria da, baina ikusiko dugu hemendik aurrera zer gertatzen den”, adierazi du beste emakume batek.
Bozketaren emaitza baiezkoa izanez gero, Gipuzkoako Aldundiak jarriko du martxan Tokiko Entitate Txikiaren eskumen aldaketa. Bi fasetan egingo dituzte aldaketa horiek; lehenengoan, bide publikoen kudeaketa, berdeguneak zaintzeko lanak, kultur eta kirol jarduerak eta euskara sustatzeko eskumenak eskuratuko lituzkete igeldotarrek.
Bigarrenen faserako geldituko lirateke, berriz, eskumen nagusienak. Hirigintza, etxebizitza eta hondakinen bilketa noiz eta nola pasako den zehazteke dago, eta horrek mesfidantza sortu du herritarrengan: “Eskumenak emateko borondate osoa dutela dirudi, baina ikusiko dugu ondoren udalak non eta jartzen dituen mugak”, azaldu du herritar batek. Lagun arteko solasaldian zebilela, arin erantzun dio lagunak: “Oraindik asko falta da horretarako”. Unean unekoari erreparatu behar diotela jakinda, ilusioz hartu dute tabernako ateen irekiera; “orain bai, trago eta trago artean, orain joango dira bozkatzera”.