Igeldotarrak Toki Erakunde Txikiaren alde agertu dira
Botoa eman dutenen %85, Igeldoko Toki Erakunde Txikiaren aldekoak izan dira.
Igeldoko Herri Kontseiluak eta Donostiako Udalak apirilaren 14a izan dute mugarri nagusi Igeldoren etorkizunari erabakitzeko. Hitzordua iritsita, igeldotarrek herri galdeketan hartu dute parte eta baietz esan diote Igeldoko Toki Erakunde Txikiari. Herrian erroldatuta dauden 1.067 lagunetatik 462 bizilagunek eman dute botoa, %46 inguru, eta horien %85 —391 boto— Igeldoko Toki Erakundearen aldekoak izan dira. Kontrako 65 boto egon dira, eta horiez gain, lau boto txuri eta bi baliogabe zenbatu dituzte.
Eneko Dorronsoro Herri Kontseiluko lehendakariaren hitzetan positiboa izan da galdeketa eguna, parte hartzea anitza izan delako: “Azken urte hauetan batzar asko egin ditugu gai honekin, eta positiboa da batzar horietan zeuden asko erakarri ditugulako galdeketa horretara”. Dorronsororen arabera, batzuentzat “motz” geratu daitekeen aukera den arren, egungo egoerak ahalbidetzen duen alternatiba baliogarriena da: “Lan handia egin dugu eta eztabaida asko izan ditugu herrian. Saiatu gara azaltzen zein den egoera, eta egoera horren aurrean zer egin dezakegun”.
Hori horrela, galdeketa amaituta, Gipuzkoako Foru Aldundian aurkeztuko dituzte emaitzok eta abian jarriko dute Igeldoren kudeaketa eredu berria. “Lan handia dugu aurretik, egiturak osatzen hasi eta egokitzen baldintza berrietarako”. Igeldoko Herri Kontseiluarentzat ere kudeaketa eredu berria izango dutenez, antzeko egoeran egon diren toki entitate txikiekin eta udalerriekin daude harremanetan: “Egia da Donostiako hiri batekin alderatuta, herri txiki bat dela eta desberdina dela, bai lantalde aldetik eta bai plangintza aldetik ere. Guk gertuago ikusten dugu geure burua herrietako funtzionamendu batetik, eta formula horien bilaketan gabiltza”.