Nerea Kortajarenak igeldotarren erabakitzeko eskubidea defendatu du
Hainbat ordezkariren gisan, Nerea Kortajarena ere Igeldoraino bertaratu da herri galdeketaren egunean. EH Bilduko Gipuzkoako zerrendaburuak hitzaldia egin du 10:30ean, herriko plazan, baina kideekin hitz egin aurretik, herri galdeketa izan du hizketagai. “Beti da gauza ona herri kontsultak antolatzea, eta gainera, jakitea herri kontsulta horietatik aterako dena errespetatu egingo dela”, adierazi du. Koalizio abertzaleko kideak, halaber, herritarrak zoriondu ditu, bere nortasuna eta berea defendatzeko “egin duten lanagatik”.
Aitortzaren ondotik, herri galdeketaren aurrekariak izan ditu gogoan Kortajarenak, herritarrek bide luzea egin dutela nabarmentzeko: “Igeldotarrek bozkatu zuten 1994ean, 1995ean eta 2013an, eta orduan argi adierazi zutela udalerri independente bat izan nahi zutela”. Gaineratu du, oraingoan ez bezala, orduan EAJk eta PSE-EEk “ez zutela herritarrek esandakoa errespetatu”.
Hori horrela, emaitza zeinahi izanda ere, herritarren erabakitzeko eskubidearen alde agertu da EH Bilduko parlamentariak: “Jarrera hori mantentzea garrantzitsua izango dela etorkizunean ere, baita igeldotarrek, gehiengoz, udalerri independente bat izatea erabakitzen badute ere. EH Bildun beti gaude erabakitze eskubidearen alde eta ez erabakitze eskubide intermitente baten alde, emaitzak gure gustukoak direnean”.