Thailandian «larri» dagoen donostiar bat aberriratzen saiatzen ari da udala
ZIUn dagoen donostiar bat aberraratu nahi du familiak, eta laguntza eske jo du udalera.
Eneko Goia alkateak jakinarazi duenez, Thailandian osasun “egoera larrian” dagoen donostiar bat aberriratzen saiatzen ari dira udaletik. Goiaren arabera, astebete da Tailandiako ZIU batean dagoen donostiar baten senideak udalarekin harremanetan jarri zirela. Alkateak dioenez, donostiako bizilagun hori “egoera larrian” zegoela jakin bezain laster, harremanetan jarri ziren Espainiako Gobernuarekin, Marisol Garmendia EAEko delegatuaren bitartez: “Aste guztia daramagu familiarekin harremanetan eta diodan moduan, Espainiako Gobernuarekin harremanetan irtenbide baten bila”, azaldu du alkateak.
Hemendik ezer gutxi egin daitekeela jakinda, udaletik Estatuko Atzerri Ministerioari eta enbaxadari azaldu diote gertatutakoa. Bien bitartean, larri dagoen donostiarraren senideak hegazkin bat alokatzen saiatu dira beraien kabuz, baina gaur gaurkoz, ez dute euren helburua lortu.
Pertsona horren egoera “larria” dela eta, bidaiarik ez egitea gomendatu zaiola azaldu du alkateak. Nolanahi ere, familiak etxera ekarri nahi duela baieztatu du Goiak, eta udaletik “familiaren nahia” betetzeko asmo irmoa dutela: “Haiek oso argi dute lehentasunezkoa dela aberriratzea, eta gu familiaren borondatea bete dadin laguntzen saiatuko gara”, adierazi du.