Igeldoko Herri Kontseiluak «positiboki» baloratu ditu herri galdeketaren emaitzak
Parte hartzea "anitza" izan dela nabarmenduta, onartu dute herritar askori arrotza egiten zaiela "entitate txikiaren kontua".
Galdeketaren biharamunean, eta bildutako datuak esku artean, Igeldoko Herri kontseiluak emaitzen balorazio positiboa plazaratu du. Kideek onuragarritzat dute %46ko parte hartzearen emaitza, baita eredu berriaren aldeko boto kantitatea ere —391 boto, guztien %85—. Era berean, aurreko urteetan egindako bilera eta batzar informatiboetan parte hartu ez duten herritar askoren botoak jaso izana nabarmendu dute: “Galdeketa ez zela loteslea kontuan izanik, benetan baloratzekoa egiten zaigu 462 herritar horiek atzo beraien iritzia ematera gerturatu izana”, azaldu dute.
Onartu dute, bestalde, aurretiaz egindako lanketarekin ere, oraindik herritar batzuei “arrotza egiten zaiela” toki entitate txikiaren kudeaketa eredu berria: “Zaila egiten zaie zer izango den irudikatzea”, azaldu dute oharrean. Hori horrela, baloratzeko modukoa iruditzen zaie, herri kontseiluaren kideentzako garrantzi handikoa zen galdeketan parte hartu izana: “Honek guztiak eta %85ak Entitate Txikiari baiezkoa eman izanak, pisua eta indarra ematen digu bide honetan pausoak ematen jarraitzeko”.
Herritarren baiezkoarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiak eratu beharko du Igeldoko Entitate Txikia. Horren ondotik, aldundiak berak batzorde kudeatzaile bat izendatuko du hurrengo udal hauteskundeak iritsi bitarte administrazio eredu berria martxan jarri dezan. Bide horretan, eta aurretik egin duten moduan, Herri Kontseiluko kideek batzorde horretan “lanean jarraitzeko” prestutasuna erakutsi dute, eta ziur daude, toki entitate txikia martxan dutenean, proiektuarekin “bat egingo duten herritarrak gehiago izango direla”.