Aldundiko garbitzaile azpikontratuak erosahalmena bermatuko dien hitzarmen baten alde mobilizatu dira
Gipuzkoako Foru Aldundiko garbitzaile azpikontratatuek manifestazioa egin dute astearte goizean Donostian, Koldo Mitxelenatik aldundiaren Gipuzkoa plazako egoitzaraino, erosahalmena bermatuko dien hitzarmen baten alde. Benetako negoziazioa exijitu dute, sektoreko langileek bizi duten egoera agerian utziz. Negoziazioak blokeatuta zeudela eta, martxoan abiatu zuten langileek mobilizazio zikloa, eta astero elkarretaratzeak egiten ari dira; gaurkoan, ordea, manifestazioa burutu dute.
LAB sindikatuak azaldu duenez, “kolektibo hau osatzen dutenen %90a emakumeak* dira, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko eraikinak garbitzen dituzten langileak dira. Azpikontratatuko kolektibo hau funtsezkotzat jo zuten pandemian zehar eta 2021eko maiatzetik dabil hitzarmena negoziatzen. Langileek 2020tik ez dute soldata igoerarik izan, eta KPI altuak izan diren urte hauetan erosahalmenaren galera handiak pilatu dituzte”.
Horrela, “adierazgarritzat” jo dute “posizioak hurbiltzeko asmoz” LAB, ELA, ESK, CCOO eta UGT sindikatuek “mahai gainean jarritako proposamenari patronalak emandako erantzuna”: “%3ko igoera proposatu du 2024 eta 2025 urteetarako, eta %3,5ekoa 2026rako. Aurreko urteetarako, ordea, ez du inolako igoerarik aurreikusi, eta ez du inolako klausularik mahai gainean jarri, behin hitzarmena iraungitzen denerako. Denera, %9,5eko igoera jarri du mahai gainean, nahiz eta aurrez %14koa ere jarria zuen”.
“Sindikatuok planteamendu hori onartezintzat jotzen dugu, eta patronalari benetako negoziazioa egin dezan eta sektoreko langileen erosahalmena berma dezan eskatzen diogu”, nabarmendu du LABek. Era berean, Gipuzkoako Foru Aldundiak auzi honetan duen erantzukizuna salatu dute: “Gatazkaren hasieratik, desaktibazioaren eta akordioa trabatzearen alde egin du. Erosahalmena bermatuko luketen formulei oztopoak jarri dizkie, batetik, eta gatazkan duen erantzukizunari bizkar eman dio, bestetik, gatazka enpresen eta sindikatuon artekoa dela esanez. Badakigu, ordea, enpresak zein Gipuzkoako Foru Aldundia, biak direla egoera honen erantzule. Horregatik, duten erantzukizunaren jabe egin daitezen eta gatazka konpontzeko beharrezko bitartekoak mahai gainean jar ditzaten dei egiten diegu”.