Añorga Txikiko bizilagunak auzoan 250 etxebizitza berri eraikitzearen aurkako mobilizazioetara itzuliko dira
Donostiako Udalak joan den astean onartu zuen Añorga Txikiko etxebizitzen proiektua behin betiko, eta, horren aurrean, mobilizazioak antolatu ditu berriz ere Añorgatxikitarrak auzo elkarteak. “Hilabeteak dira udalaren zain gaudela. Etxebizitzen proiektuaren berri emateko bilerara deituko zutela agindu zuten, auzoko eragile guztiekin. Bilera deia iritsi da, apirilaren 23rako, baina dagoeneko, udal gobernuak behin betiko onartu du proiektua! 250 etxebizitza berri, 500 etxebizitza dituen bi kaleko auzo batentzat. Eta hurrengo pausoa finkatu dute: apirilaren 25ean, udalbatzarrera gaia eramango dute eta bozkatuko da”, azaldu dute.
Auzo elkartearen iritziz, udalak bizilagunak entzun nahi ez dituelako eta “isilarazi” nahi dituelako eman dio proiektuari behin betiko onarpena bizilagunekin hitz egin gabe, eta horregatik deitu ditu bilerara udalbatzarra baino bi egun lehenago, baita ere.
Horrela, hainbat deialdi zabaldu ditu auzo elkarteak. Lehenik, hurrengo ostiralean, hilaren 19an, proiektuaren aurkako giza kate “bereziki luzea” egingo dute, 18:15ean, Añorga Txikiko biribilgunetik hasita. Bigarrenik, hilaren 24ko auzo elkarteko asanbladan gaiari buruz hitz egingo dela jakinarazi dute, eta bertaratzera gonbidatu dituzte bizilagunak. Eta, hirugarrenik, hilaren 25ean, udalbatzarrean gaia bozkatuko den egunean, udaletxera joango dira, protesta egitera.