Basoko orkideak loratzen hasi dira hiriko hainbat lekutan
Aurten ere, basoko orkideak loratzen hasi dira Donostiako hainbat txokotan. Besteak beste, Bizkaia, Gernikako Arbola eta Arriola pasealekuetan agertu dira. Urte askotan antzeman da landare horien presentzia, eta, horregatik, pasealekuko parterreetako belarra ez mozteko erabakia hartu dute berriz ere, lore populazio horien garapena babesteko eta sustatzeko.
“Ikuskizun natural honetaz gozatzeko beharrezko neurria da. Ia beti, orkideak leku exotikoekin identifikatzen ditugu, lore dendetan erosten ditugun landareekin, baina orkideak planetako ekosistema ia guztietan aurkitzen dira, eta gure hirian basoko orkidea espezie desberdinez gozatzeko aukera dago hainbat lekutan”, azaldu du Carlos Garcia Mantentze lanetako zinegotziak.
Horregatik, loreen haziera eta ugalketa babesteko, atzeratu egingo da Bizkaia eta Gernikako Arbola pasealekuetako belar mozketa. Orkideek beraien bizitza zikloa amaitu ondoren egingo dituzte mozketak, datorren urterako haziak sakabanatu ditzaten.