Eusko Jaurlaritzak onartu du Onkologikoa Osakidetzan behin betiko integratzeko hitzarmena sinatzea
Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak astearte honetan onartu du sinatzea Donostiako Onkologikoa Osakidetzan integratzeko behin betiko hitzarmena. Jaurlaritzak nabarmendu du hitzarmen horren bidez “osatu” egingo dela 1988an abiatutako prozesua: “Euskal Osasun Zerbitzuak Institutu Onkologikoarekin egindako ituna bere gain hartu zuenean hasi zen prozesua. Itun horren ondoren, Osakidetzako pazienteentzako onkologia zerbitzuen kontratazioa arautzeko sinatutako beste itun batzuk etorri dira eta horiek jada Osasun Sailarekin sinatu dira. Ondoren, onkologia asistentziaren funtzionamendu integratuagoa ahalbidetuko zuen harreman eredua aldatzeari ekin zitzaion, pazienteei zerbitzu hobea eskaintze aldera”.
Halaber, Jaurlaritzak gogorarazi du “Osasun Sailak, paziente onkologikoen eta haien senideen arretan inplikatuta dauden osasunaren arloko adituen eta profesionalen aholkularitzarekin, 2018-2023 aldirako Euskadiko Onkologia Plana prestatu” zuela. Plan horren indarraldia, ordea, orain amaituko da, eta “Onkologikoa Osakidetzan behin betiko integratzeko prozesuari bide ematen zaio”, gehitu du Jaurlaritzak.
Integrazio prozesuak hainbat urrats egin ditu honen aurretik, izan ere, besteak beste, minbizia duten Donostia Ospitaleko paziente guztiak Onkologikoan artatzen hasi ziren iazko azaroaren 27an. Halaber, gogoratu behar da zentroko langileak eta pazienteak mobilizatzen aritu zirela 2021ean eta 2022an, Onkologikoa Osakidetzan integratzeko prozesua atzeratzen ari zela eta, zentroaren beraren, langileen eta pazienteen etorkizuna ziurgabetasun egoeran zegoela salatuz.