Mobilizazioak hasi dituzte 'El Diario Vasco' egunkariko langileek
El Diario Vasco egunkariko langileak elkarretaratzeak egiten hasi dira Donostiako egoitzaren aurrean, enpresaren hitzarmena berritzeko negoziazioetan zuzendaritzak duen jarrera salatzeko. Enpresa hitzarmena berritzeko negoziazioak 2023an hasi zituzten, baina gaur egun jarrerak oso urrun daudela diote. Langileek salatu dute urteak daramatzatela erosahalmena galtzen.
ELAk salatu du duela hamarkada batetik hona enpresak ez duela KPIa bermatzen: “Hori alde batera utzita, eskala bikoitzak sartu zituzten, eta, beraz, bigarren mailako gero eta langile gehiago daude. Lan egiteko moduak eta lan kargak aldatu egiten dira prentsaren mundua aldatu ahala. Aldiz, soldatak duela urte askotakoak dira. Prentsaren mundua etengabeko krisian murgilduta dagoen bitartean, enpresa honek irabazi bikainak izaten ditu urtero”.
Egoera horren aurrean, astelehenero elkarretaratzeak egingo dituzte langileek. Horrela, astelehenero lanera beltzez jantzitako joango dira Astelehen beltzak deitu dioten protestaren barruan. “Gipuzkoan gehien saltzen den egunkaria da El Diario Vasco. 104 langile ditu, El Diario Vascorentzat esklusiboki lan egiten duten beste bi azpikontratatako langileez gain. ELAk gehiengo osoa du Enpresa Batzordean”, azaldu du sindikatuak.