Voxen aurka mobilizatu dira Donostian
Vox Espainiako alderdi ultraeskuindarrak ekitaldi bat egin du astearte arratsaldean Donostian, eta hainbat herri mugimendutako kideek Voxen aurkako elkarretaratzea egin du, Faxismoaren gorakada gelditu lelopean.
18:00ak aldera, karpa informatibo bat jarri du Voxek Cervantes plazan, eta alderdi ultraeskuindarraren jarraitzaile gutxi batzuk bertaratu dira. Javier Ortega Smith Voxeko idazkari nagusia eta Juan de Dios Davila Gipuzkoako Voxeko burua ere bertan izan dira; Davila, Voxeko kide izateaz gain, Amarako Askabide klinikaren aurrean abortuaren aurka mobilizatzen eta emakumeak jazartzen aritu zen ultraeskuindar eta ultrakatolikoetako bat izan zen, Viva Cristo Rey gurutze eta guzti. Gaurko ekitaldian, 150 bat manifestari antifaxista izan dituzte aurrean, ertzain ugariz osatutako polizia lerroaren atzean.
Elkarretaratzearen hasieran, ertzainek manifestari batzuk atzeraka bultzatu dituzte, polizia lerroa eurek nahi zuten tokian jartzeko; hala ere, ez da nabarmentzeko tentsio unerik edo gertakaririk izan, ez orduan eta ezta geroago ere. Ultraeskuindarrak eta ertzainak joan diren arte —19:00ak aldera joan dira—, manifestariak une oro aldarri antifaxistak oihukatzen aritu dira, hala nola, “faxismoa gelditu!”, “zuek, faxistak, zarete terroristak!”, “alde hemendik, utzi bakean!” eta “no sois nadie sin la Policía!“. Bitartean, hiruzpalau aldiz, Voxeko jarraitzaile batzuek Espainiako banderak astindu dituzte manifestariei begira, probokazio modura; 30 bat metroko distantziara eta Ertzaintzaren atzean, beti ere.
Voxek igande honetako Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen harira egin du gaurko ekitaldia. Gogoratu behar da, ordea, alderdi ultraeskuindarrak ez duela legebiltzarkiderik lortuko oraingoan, inkesten arabera. Horrela, oro har Euskal Herrian gertatzen den moduan, Donostian duen babesa ere eskasa da; 2023ko udal hauteskundeetan, esaterako, 2.000 boto eskas baino ez zituen lortu (%2,30). Hala ere, gogoratu behar da alderdi ultraeskuindarrak egoitza bat ireki zuela hirian 2022an, orduan ere Ortega Smithen presentziarekin eta ekitaldiaren aurkako mobilizazio batekin.