Eskoletako jolastokiak birnaturalizatzeari buruzko jardunaldiak egingo dituzte bihar Santa Teresa komentuan
Donostiako Udaleko Parke eta Lorategietako teknikari batzuek eskoletako jolastokiak birnaturalizatzeari buruzko jardunaldietan parte hartuko dute apirilaren 18an, Arkitekturaren Euskal Institutuaren egoitzan, San Teresa komentuan. Institutuak berak gonbidatuta, BerdeaPiztu programaren barruan egindako jardueren xehetasunak emango dituzte teknikari horiek.
Halako lanak egin dituzte dagoeneko eskola publiko askotan (adibidez, Aiete, Arantzazuko Ama, Aitor Ikastola, Ibai Ikastetxea, Zuhaizti Ategorrieta eta Amara Berri); baina, denetan ere, jolastokiaren baldintzetara eta ikastetxearen premietara egokituta. 2022tik sei ikastetxe publikotako patioak eraldatu dituzte, 3.500 metro koadroko azalera berdea berreskuratuz.
Bi patiotan dagoeneko osatuta dago programa, eta beste lauetan urte honen erdialdean amaituko dute eraldaketa, udalak jakinarazi duenez. Hala ere, beste lau proiektu berri ere badaude oraindik egiteke. “Euskal Herriko zenbait hiri eta udalerritako teknikari eta aditu batzuek parte hartuko dute jardunaldietan, eta azkeneko urte hauetan izan duen esperientzia azalduko du Donostiak han”, azaldu du udalak.
Eskola Eraikinak Mantentzeko Sailarekin lankidetzan egiten da BerdeaPiztu programa Donostian, Fermin G. Blanco arkitektoak koordinatuta. Eusko Jaurlaritzaren finantzaketa ere badu, bai eta konpromiso soziala ere, prestakuntza eta gizarteratze zentroekin duen lankidetzaren bidez.
BerdeaPizturi buruzko erakusketa
Bihar, BerdeaPizturi buruzko erakusketa ere izango da jardunaldiak egingo diren lekuan bertan, eta proiektuari buruzko elementuak, argazkiak eta bideoak ikusi ahal izango dira. Zehazki, Santa Teresa komentuko klaustroan izango da erakusketa, eta Arboretum. Zuhaitzak arkitektura izango du izenburu. Erakusketa 2024ko urrira arte izango da.