Gertuko produktuak sustatzeko Zero market egingo dute larunbatean
Hiriko ekoizleak, artisauak eta merkatariak Zero Market azokan bilduko dira larunbat honetan, Egiako Blas de Otero plazan. Eskuz egindako Km0 produktuen aldeko merkatuan, bigarren eskuko jantzi eta diseinuak izango dituzte eskuragarri, goizeko hamaiketatik arratsaldeko zazpietara bitarte. Antolatzaileek aurreratu dutenez, gertu ekoitzitako jantziak, xaboiak eta elikagaiak eskuratzeko aukera egoteaz gain, musikaz eta animazioaz gozatzeko parada ere izango dute bertaratzen direnek.
Arroparen berrerabilpena, hondakinen birziklapena eta bertako artisten diseinu pertsonala bultzatzen du azokak. Hala, inguruan antzeko ikuspegia duten saltokiak gonbidatu dituzte. Besteak beste, ondorengo hauek izango dira bertan: 2021eko eta 2023ko Donostiako merkataritzari saria irabazi zuten Mikel Aranburu eta La jabonería de Matía establezimendukoak, Emakumeekin 2024 saria irabazi duen Marianela Guarda, GK Green Fashion klusterreko Giovanna Bittante eta Myriam Ocaña kideak, et Maria Jose Pelayo eta Raisa Esquiroz artisauak.