Martuteneko biribilgune berria uda osterako bukatuko dute
Bizilagunen aspaldiko eskaera da Martuteneko biribilgunearena. Udalak 2018an berrituko zuela adierazi zuen, baina etengabe atzeratu dute arrazoi batzuk eta beste batzuk tarteko. Azkenik, biribilgunea berritu aurreko lanekin hasi dira. Hain zuzen ere, udalak Urbycolan enpresari adjudikatu zion obra martxoa hasieran. 246.427 euroko aurrekontua du, eta lanak egiteko lau hilabeteko epea dute. Horrela, abuztua bukaerarako biribilgune berria bukatuta egotea aurreikusten du udalak.
Jarduera eremua 2.140 metro koadrokoa da gutxi gorabehera, eta proiektuaren helburua da joan-etorriak antolatzea eta kolektibo guztien zirkulazioa hobetzea. Lan honen bidez, udalak ingurunearen hobekuntza integrala lortu nahi du, eremura egokitutako biribilgune bat eginez, oinezkoen eta bizikleten mugikortasun alternatiboa erraztuz eta ingurunea hobetuz. Enurcoin enpresak idatzi du proiektua: bi errei izango ditu biribilgune barruan, eta ingurua berrantolatuko du.
Maiatzaren 28ko udal hauteskundeen bezperan onartu zuen Donostiako Udal Gobernuak Martuteneko biribilgunearen proiektua. Horrela ere, iragarritakoa ez zuten betetzerik izan, eta legegintzaldi honetan ordezkatuko dute auzoaren bukaeran dagoen behin-behineko biribilgunea.