Pakistango errealitateak ezagutzeko erakusketa antolatu dute Aiete Kultur Etxean
Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiaren baitan, Pakistan: Indusen ibaibideak erakusketa aurkeztu dute Aiete Kultur Etxean. Erakusketa Igone Mariezkurrena kazetari eta antropologoaren bidaietan oinarritu da, eta nabarmen kutsatutako Indus ibaia du erdigunean. Pakistanera bidaiatzerakoan, ibaiaren arroan bizi den jendea behatu eta ibaiak beren bizitzetan dituen eraginak aztertu ditu eta, hala, zuzeneko nahiz zeharkako kalteak aletzen ditu erakusketa honek; alegia, aldaketa klimatikoaren kostu soziala agerian utzi nahi du.
Erakusketa Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiak eta Aieteko Kultur Etxeak ekoitzi dute. Fotokazetaritza eta antropologia lan horrek Indus ibaiaren ubideak hartu ditu hari gisa, ondoren herrialdearen erradiografia sozial bat osatzeko. Bertatik bertara landa lanean dokumentatutako testigantzak eta argazkiak dira erakusketaren eduki nagusia. Kaltetuen ahotsa ez ezik, adituen ekarpenak (ikerlariak, irakasleak, Giza Eskubideen aldeko aktibistak) eta askotariko errealitateei dagokien testuinguruan kokatzeko lagungarriak diren datuak ere aurki daitezke.
Aldaketa klimatikoa
Pakistan eredutzat erabili ohi da aldaketa klimatikoaren ondorioen inguruan hitz egiterakoan. Izan ere, klima aldaketak eragindako uholdeak, muturreko lehorteak, glaziarren urtzeak edo ur kutsatuek herrialde osoaren garapena oztopatu dute azken urteotan. Munduko karbono isurien %1 baino gutxiago igorri arren, berotze globalak gehien kaltetzen dituen hamar herrialdeetako bat da. Aldiz, ez du baliabide ekonomiko, material edo egiturazkori egoerari aurre egiteko edota baliabide naturalen pribatizazioei aurre egiteko.
Era berean, emakumeen, neskatoen, eta LGTB kolektiboaren zaurgarritasuna ageri du erakusketak. Klima aldaketak eragindako pobretzearen eta ziurgabetasunaren aurrean, eurenganako askotariko indarkeriak (sexuala, berariazko ezkontzak edota adingabeen salerosketa) areagotu dira. Herrialdean, bestalde, Shariaren Auzitegi Federala arduratzen da legeak Sharia edo lege islamiarrarekin bateragarriak direla bermatzeaz., eta orain, klima aldaketaren ondoriozko pobretzeak, fundamentalismo erlijiosoa hanpatu du. Hori horrela, trans pertsonek eta sexu langileek eskubideak galdu dituzte.