1.476 dantzari dantzatuko dira igandean XXVI. Kontxako Barandan
1.476 dantzari dantzatuko dira igandean, apirilaren 21ean, XXVI. Kontxako Baranda erakustaldian. Guztira, 31 irakasleren 1.476 ikaslek parte hartuko dute Gipuzkoako (Donostia, Andoain, Astigarraga, Hondarrribia, Irun, Pasai Antxo, Errenteria eta Tolosa) eta Bizkaiko (Ondarroa eta Lekeitio) 26 dantza eskolatakoak.
Ordutegiei dagokionez, 11:00 – 11:30 bitarte, Txikien Barra egingo dute, Nautiko klubetik Cafe de la Concharaino. 11:50 – 12:20 bitarte, Ertainen Barra izango da leku berean, eta bukatzeko, 12:45 – 13:30 bitarte, Nagusien Barraren txanda izango da, Nautiko klubetik Antiguako tunelera arte.
1997an lehen aldiz egin zenetik, ezinbesteko hitzordua bihurtu da Kontxako Barandako barra klasikoko erakustaldia, baita Dantza Hilabetearen barne dauden jarduera ospetsuenetariko bat ere. Ikasle eta irakasleek kalera aterako dute ohiko barra-ikastaldia.