Jazzaldiak bost kontzertu antolatu ditu Txillida Lekun
![Noa & The HellDrinkers(1)](https://irutxulo.hitza.eus/site/files/2024/04/noa-the-helldrinkers1.jpg)
Donostiako Jazzaldiak urtero antolatzen ditu hainbat kontzertu Txillida Leku museoan, baina aurten, Eduardo Txillida artistaren jaiotzaren mendeurrenaren bueltan antolatu dituzte. Zehazki, bost kontzertu antolatu dituzte: Iñaki Salvador, Noa & The Hell Drinkers, Federica Michisanti Quartet, Carole Alston eta MAC Saxophone Quartet arituko dira. “Txillidaren sorkuntzara hurbiltzeko, museo zoragarritik paseatzeko eta, aldi berean, zuzeneko kontzertuez gozatzeko aukera paregabea” izango da, Jazzaldiak nabarmendu duenez.
59. Jazzaldia uztailaren 23tik 28ra izango da, baina Txillida Lekuko lehenengo kontzertua lehenago izango da, 21ean. Iñaki Salvador pianista donostiarrak joko du egun horretan, 19:30ean, eta hainbat urtez bidelagun izan zuen Mikel Laboa musikari ezagunaren musika berrinterpretatuko du, inprobisaziotik eta jazzetik abiatuta, Txoria nuen maite izeneko ikuskizunean. Bestalde, hilaren 25ean izango da bigarren kontzertua, eta Noa & The Hell Drinkers blues talde donostiarra arituko da, 12:30ean, Txikijazz zikloaren barruan. Europako blues txapelketa irabazi zuen taldeak 2023an, eta oso indartsu dabiltza, Euskal Herrian zein Euskal Herritik kanpo kontzertuak emanez.
Hurrengo egunean, hilaren 26an, Federica Michisanti Quartet igoko da Txillida Lekuko oholtzara, 19:30ean. Michisanti kontrabaxista eta konpositore italiar handia eta Louis Sclavis klarinetista frantses aparta Vincent Courtois biolontxelo frantsesarekin eta Michele Rabbia bateria italiarrarekin arituko dira, Michisantiren konposizioak interpretatuz eta Europako musika klasikoaz eta abangoardiako jazzaz elikatzen den soinu ezaugarriak bilduta.
Carole Alston jazz abeslari estatubatuarra arituko da 27an, 12:30ean, Txikijazzaren barruan; eskarmentudun abeslaria da, sakonetik ezagutzen duena jazzaren hizkuntza eta horri gehitu diona berez duen gaitasuna gospelaren eta bluesaren generoetan. Azkenik, MAC Saxophone Quartetek itxiko du Txillida Lekuko kontzertuen programazioa, hilaren 28an, 19:30ean. Diziplina anitzeko proiektu hau italiar musikaren ondare nobleenean errotua dago. Bertan, iraganeko estiloa besarkatzen du jazzaren inprobisazio arteak. Bidaia bat da denbora eta soinu italiarrean barrena, tradizioa berritzeko duten gaitasunagatik nabarmendutako bost saxofonistak osorik interpretatua; haien artean Rosario Giuliani handiak.
Sarrerak oraindik ez daude salgai, baina laster erosi ahalko dira, jaialdiaren webgunearen bidez. Bestalde, museora ibilgailu pribatuan iristen diren pertsonentzat aparkaleku bat jarriko dute Galarretan, eta autobus bat egongo da, doan Galarretatik museora joateko.