Jon Anzari gertaturikoa argitzeko eskatu diote Frantziako Estatuari
Hamabost urte bete dira Jon Anza militante donostiarra desagertu zenetik. Hori dela eta, ekitaldia egin dute gaur goizean Urruñan, eta Frantziako Estatuari eskatu diote Anzari gertatu zitzaiona argitzeko. Berria egunkariak ekitaldiaren jarraipena egin du. “Egia jakin arte” bake prozesua ez dela bukatuko nabarmendu dute. Bestalde, Anzari omenaldia egingo diote gaur 18:00etan, Urruñako hilerrian.
2009ko apirilaren 18an desagertu zen Anza, Okzitaniako Tolosa hirian ETArekin hitzordu bat zuen egun berean. Urte bereko maiatzaren 15ean salatu zuten bere desagerpena Baionako Auzitegian. Azkenik, Frantziako poliziak 2010eko martxoaren 11n jakinarazi zuen haren gorpua Tolosako Purpaneko gorputegian zegoela.
Anzak minbizia zuen, horregatik, kasuak are gehiago kezkatu zuen familia. Maiatzaren 20an, ETAk gutun bat bidali zion Gara egunkariari, desagerpenaren ardura Espainiako eta Frantziako Gobernuei egotziz. Anzaren desagerpena eta heriotza gerra zikinak eragin zuenaren teoria zabaldu egin zen hurrengo hilabeteetan, ez baitzegoen haren berririk. Desagertu eta ia hamar hilabetera agertu zen Anzaren gorpua, baina hamar urte geroago, oraindik familiak ez daki zergatik hil zen.