Kalapieren ustez «eskasa» da kanpainan mugikortasun aktiboari emandako garrantzia
Kalapieren arabera, Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde Kanpainan garrantzi “eskasa” eman zaio mugikortasun aktiboari eta ingurumen gaiei. Klima aldaketak eragindako erronkekin eta ingurumenarekin sentsibilizatuta dagoen elkarteak halako gaiak maizago eztabaidatzeren beharra aldarrikatu du. Era berean, aurrera daramatzaten programa zein politiketan “merezi duten garrantzia” emateko eskatu diete alderdi politikoei.
Elkarteak azaldu duenez, ibilgailuen elektrifikazioari emandako protagonismoaren aurrean, “oso urriak” izan dira mugikortasun aktiboaren aipamenak alderdi politiko nagusien hauteskunde programetan: “Eta hori, nahiz eta frogatuta dagoen mugikortasun aktiboa dela seguruena, jasangarriena eta osasungarriena; eta, beraz, erakundeek lehentasunez sustatu beharko luketena”, azaldu dute kideek euren webgunean.
Gaineratu dute, halaber, mugikortasunari ez diotela kasik erreparatu, baina eragin zuzena duela osasun publikoaren kudeaketan: “Bizikletak, elementu desberdin asko ukitzean, hala nola segurtasuna, airearen kalitatea, bizitza aktiboa, eta abar, aktiboki laguntzen du gaixotasunen prebentzioan eta osasun orokorraren hobekuntzan, horrela osasun publikoaren lan karga murriztuz”.
Bateratutako irizpideak
Hauteskunde kanpainaren harira egindako balorazioan, bidegorrien diseinuak bateratzeko irizpide falta nabarmendu du bizikleta zaleen elkarteak. Azaldu dutenez, maiz ez dira diseinu eskuliburuek gomendatutako gutxienekoak betetzen, eta lurralde eta udal bakoitzak diseinu irizpide partikularrak jarraitzen ditu. Hala, funtsezkotzat dute azpiegitura on bat sortzea oinez edo bizikletaz egiten diren joan etorriak” erakargarriagoak eta seguruagoak” izan daitezen.