Amarako egoiliarrek beste TAO eremuetan aparkatu ahalko dute Anoetako ekitaldi egunetan
Donostiako Udalak 5-1 Amara TAO sektoreko egoiliarrei aparkatzeko baimena emango die estadioan ekitaldiak egiten diren egunetan, Anoeta pasealekua zirkulaziorako eta aparkaleku orokorrerako erabat ixten denean. Zehazki, sektore hauetan: 1-2 Erdialdea, 1-5 Morlans, 5-2 Loiolako Erribera eta 5-3 Loiola.
Baimena indarrean izango da ekitaldia egin aurreko eguneko 00:00etatik hurrengo eguneko 23:59 arte. Bertakoek xede sektorean baimendutako egoiliarren baldintza berberetan aparkatu ahal izango dute.
Olatz Yarza Mugikortasun zinegotziak nabarmendu duenez, bere saila “etengabe ari da lanean Anoetako ekitaldietan auzora ibilgailu asko etortzeak eta aparkalekuak mugatzeak Amara Berriko bizilagunei eragiten dien eragozpenak murrizteko irtenbideak bilatzeko”.
Yarzak gaineratu duenez, “neurri honekin, Errondoko urbanizazioarekin batera, motorrentzako aparkaleku bat eta egoiliarrentzako plaza berriak jartzeko, auzoan bizi diren pertsonen eta inguruan egiten diren ekitaldietan parte hartzen dutenen arteko bizikidetza errazteko alternatibak eskaintzen saiatzen gara”.
Motorrentzako aparkalekua eta bertakoentzako plazak
Neurri horrez gain, udalak 45 TAO aparkaleku berri sortzea aurreikusten du Aita Donostia eta Karlos I.aren hiribidearen arteko Errondo pasealekuko erdibitzailearen ondoan. Josean Gaska kiroldegiaren ondoko aparkalekuarekin gertatzen zen bezala, motorrentzako 220 plazatan bihurtuko dira partidu egunetan. Proiektua idatzita, onartuta eta lizitazioaren zain dago, eta 160.705 euroko aurrekontua du adjudikatuta.
Garraio publikoa eta bizikletak
Neurri hauek hartzen diren arren, udalak gomendatzen du garraio publikoa lehenestea Anoetan jokatzen diren kirol ekitaldietara joateko, bai eta mugikortasun aktiboko beste garraio batzuk ere, hala nola bizikleta. Izan ere, 250 bizikleta eta patineteentzako aparkaleku segurua eta doakoa dago partidu egunetan Amara Berri ikastetxeko patioan kokatuta.