Balentxi, libre eta errepikaezina
Jose Manuel Balentziaga 'Balentxi', ekintza gizona izan zen, apaiza eta aktibista. Elizak emandako hierarkia baztertuta, presoen eta drogak jotakoen defendatzaile sutsua izan zen. Euskaltzale amorratua, argi izan zuen beti, bere lekua zapalduen aldamenean egotea zela.
Jose Manuel Balentziaga Añon Balentxi (1935-2006) oso pertsona ezaguna izan da Donostian, eta ez da harritzekoa herritarren ahotik berarekin bizitako istorio bitxiak entzutea. Errenterian jaio zen, bere amonaren etxean, baina Parte Zaharra izan zuen bizitoki: Kanpandegi, Jauregi jenerala eta Arrandegi kaleetan bizi izan zituen bere bizitzako kasik urte guztiak. «Zaharrekoa» zela zioen berak, Jexuxmari Zalakainek bere omenez idatzitako Balentxi. Hamalaugarren apostulua liburuan (Txalaparta, 2007) gogorarazten duenez.
Gaztetatik, ikasketak eta lana uztartu zituen eta lan iraunkorra lortu zuen Banco de Vizcaya banketxean. Mutil zintzoa eta serioa zela diote ezagutu zutenek, baita tematia ere, eta goiz hasi zen konpromisoaren bideak urratzen: 17 urte zituela egin zuen lehen greba, banketxeko lankideekin.
Lehen lanetan zebilela hasi zen Accion Catolica taldean, auzoko neska-mutikoekin lanean. Ondoren, bere talde propioa sortu zuen eta 18 urte bete orduko sartu zen Gazteria Langile Kristauan (JOC, gaztelerazko Juventudes Obreras Catolicas). Ez zen harritzekoa izan, beraz, apaiz bidea hartu izana. 25 urte zituela jo zuen Donostiako seminariora, haurra zenetik izan baitzuen besteak laguntzeko grina. Zalakainek liburuan jasotzen duenez, «beti besteen premiei so zebilen» pertsona bat zen Balentxi.
Seminarioan bizpahiru urte egin ondoren, eta Filosofia ikasketak amaituta, Erromara joan zen Teologia ikastera. Ikasketak mantentzeko diru gutxirekin ibiltzen zenez, hiriko prostituzio etxeetan ibiltzen zen, sotanapean ezkutatutako alkohola eta tabakoa saltzen. Udan, berriz, Donostiara egiten zuen buelta. Etorritakoan, sos batzuk ateratzen zituen kontrabandoan eta ikasketen oporraldian inguruko lantegietan aritzen zen lanean. Liburuan jasotako testigantzen arabera, gogor egiten zien aurre arduradunei, fabriketako produkzioa handitzeko presioak iristen zitzaizkionean.
Apaizturik Euskal Herrira itzulita, Gipuzkoako Elizbarrutiak gazte langileenganako ardura nagusia ezarri zion eta JOC gazte erakundeko koordinatzaile gisa hasi zen gazteekin egitasmoak antolatzen. Burgosko Prozesua zela eta, Gipuzkoako JOC elkartea «erradikalizatu» eta marxismoa besarkatu zuela jasotzen du liburuak.Langileen gose grebetan ere hartzen zuen parte Balentxik beste kide batzuen antzera. Gipuzkoa goitik behera zeharkatzen zuen arazo sozial eta laboraletan parte hartu eta oinarrizko taldeak suspertzeko asmotan. Garai haietako mugimenduengatik, hain zuzen, eliz agintarien aldetik zetozen presio eta errieta mordoari egin behar izan zien aurre Balentxik.
Lurreko kondenatuen lagun
«Apaiz matxinoa zela esan daiteke», onartzen du Zalakainek liburuan. Lovainan (Belgika) doktoretza tesia egiten aritu zen lau urtez, eta denbora tarte horretan, buru-belarri sartu zen euskal komiteetan, ginekologo lanak egiten zebilen bitartean. Liburuan jasotzen denez, doktoretza egiten ari zela esan, eta medikuarekin nahasi zuten bertakoek.Etxera bueltan, pertsona garrantzitsu bat izan zen amnistiaren aldeko eta droga mendekotasunaren kontrako mugimenduetan. Presoak —politikoak zein sozialak— defendatu zituen beti, eta haien aldeko ekimenetan hartzen zuen parte irtenbide bila.
Ekintzailetzaren bidea hartuta, garaiko polizia indarkeria ere jasan zuen. Balentxiren presentzia oso deserosoa zen Poliziarentzat, presoen ekimenetan parte hartzeaz gain, drogazaleen epaiketetan ere maiz izaten zelako, haien defentsan.Presoak kartzelan bisitatzeaz gain, Kriminologia ikasketak ere egin zituen, presoen baldintzak epaiketetan eta presondegietan mantentzen zirela bermatzeko. Hizkuntza eskubideak aldarrikatuta, lan handia egin zuen, halaber, epaiketak euskaraz egiteko borrokan.
Balentxik askatasunaren bidelagun antzematen zuen jarduera oro egiten zuen bere, pasioz eta ahaleginez. Auzo erdiak maite zuen, eta beste erdiak ezin zuen ikusi ere egin, garai haietan, alde batean edo bestean bustitzeak ezabatu ezin zen aztarna uzten baitzuen gizartean.«Poliedrikoa» zen Balentxi, umore oneko gizona. Ezagutu zutenek, gogoan dute adiskideak egiteko gaitasun handia zuela, eta beti gustatzen zitzaiola mendira lagun artean joatea. Hain zuzen, naturan hil zen, baina menditik urrun —Kontxako badian igerian zela, Nautikotik gertu, bihotzekoak jota—. Heriotza toki bitxia izan zuen, 71 urteko bizitzaren antzera. «Bat eta bakarra» baitzen Balentxi, Zalakainen aburuz.