Baratzegintza terapeutikoa, estresari aurre egiteko
Agifeseko eta Loiolako +55 taldeko hainbat kide Loiola Kultur Etxean muntatu duten hiri baratze batean ari dira lanean, Cristina Enea fundazioaren eta Donostia Kulturaren EtxEKOlanda proiektuaren eskutik.
Loiola Kultur Etxean hiri baratze egitasmo berria jarri dute martxan Cristina Enea fundazioak eta Donostia Kulturak. Proiektuak EtxEKOlanda du izena, eta 2013-2014ko ikasturtean abiatu zuten, Intxaurrondoko eta Lugaritzeko kultur etxeetan. Mateo Regla Dorronsorok, Cristina Enea fundazioko Hezkuntza teknikariak, azaldu ditu proiektuaren hastapenak: «Terrazak edo lur eremu txikiak zituzten bertan, eta hiri baratze batzuk egiteko ideia izan genuen, bi helbururekin. Bata, beraien lur eremuetan baratze txiki bat egiteko aukera ez zeukaten eskolei eskaintzea baratzea, elementu pedagogiko gisa lanketa egin ahal izateko. Lugaritzera Larramendikoak joaten ziren, eta Intxaurrondora Intxaurrondo Hegoakoak. Bestalde, Donostia Kulturaren bitartez, publiko orokorrari eskaintzen zaio baratzegintza ekologikoari buruzko ikastaro bat, udaberrian eta udazkenean».
Testuinguru horretan, «Cristina Enea fundazioak Loiola Kultur Etxeko Iker Tolosa zuzendariarekin duen harremanagatik», kultur etxearen atzean duten terrazatxoan ere hiri baratze komunitario bat egiteko aukera sortu zen. «Gure artean hitz egiten hasi ginen, eta auzoko diagnostikoa eginda, eskolen formatu horretatik haratago joateko interesa eduki dugu Cristina Enea fundaziotik, eta beste kolektibo batzuetara zabaltzekoa. Konturatu ginen Agifesen moduko kolektibo batzuk bazeudela auzoan errotuta, eta erabaki genuen proiektu pilotu gisa, beraiekin saioak egiten hastea Loiolako kultur etxean», azaldu du Reglak.
Intxaurrondoko eta Lugaritzeko proiektuekin alderatuta, kasu hau «desberdina» dela dio: «Ikastetxeei eta publiko orokorrari etorkizunean zabalduko zaio proiektua, baina orain parte hartzen dugu Cristina Enea fundazioak, Donostia Kulturak, Agifesek eta Loiolako +55 taldeak».
EtxEKOlanda proiektuari Intxaurrondoko eta Lugaritzeko kultur etxeetan ekin zioten, eta Loiolara iritsi da orain
Agifeseko erabiltzaileek buru osasuneko arazoak dituzten heinean, «egoera zaurgarrian» daudela adierazi du Reglak, eta baratzegintza terapeutikoaren ideiaren azpian lanketa bat egitea proposatu zietela beraiei. +55 taldea ere egituratuta zegoen Loiolan, eta Cristina Enea fundazioak beraiei ere aukera eman nahi izan zien, «pixka bat sozializatzeko, eta Agifesen eta auzoarten artean bitarteko lana egiteko». «Hemezortzi pertsonako talde bat osatu dugu. Bederatzi Agifeseko partaideak dira, eta beste bederatzi +55 taldeko kideak. Eta guk, Xomorro taldetik, saioen gidaritza egiten dugu», azaldu du Reglak.
Bi astean behin egingo dute bi orduko tailertxo bat beraiekin. Guztira, hamar saio izango dira, uztailera arte luzatuko direnak. «Eta gero, Agifesekoek brigada antzeko bat egin dute baratzeari jarraipena egiteko», zehaztu du.
Hasieratik fruituak ematen
Martxoaren 5ean egin zuten lehen saioa, eta esperientzia polita izan dela nabarmendu du Cristina Enea fundazioko langileak. Normalean, beste kultur etxeetan baratzea muntatuta egoten da, eta haurrekin eta gainerako herritarrekin zuzenean baratzegintzan zentratzen dira, zerotik hasi beharrean.
«Ordea, kasu honetan, Agifeseko erabiltzaileekin iruditu zitzaigun zuzenagoa zela edo probetxu gehiago aterako geniola, proiektu integral gisa, baratzea beraiekin diseinatzen bagenuen. Hau da, guk materialak bertan geneuzkan, baina aurretik muntatu beharrean, diseinu lana beraiekin egin genuen, eta muntaketa lana ere bai», zehaztu du Reglak.
Horrela, lehenengo saioan bost baratze maila muntatu zituzten —zutikako ereintza guneak—, baina gehiago jartzea aurreikusten dute. «Hamar-hamabi bat izango dira, eta hainbat ereintza egingo dira, sasoiko barazkiekin. Gainera, badaude hainbat loreontzi ere, garai batean marrubiak-eta zituztenak, eta gaur egun ez daukatenak ezer. Ideia da horietan sendabelarrak eta halakoak landatzea», azaldu du.
Izan ere, Reglaren arabera, «baratzegintza bere osotasunean» lantzeko aukera ematen duen proiektu bat da EtxEKOlanda, eta ez soilik «letxugak landatu, jaso eta ondoren jatean zentratzen dena»: «Pixka bat agroekologiaren ikuspuntutik lantzen dugu».
Aurrerantzean, ereintza zikloak errespetatuz, garaian garaiko landaketak egingo dituzte. «Orain, udaberriko landaketak egingo dira. Patata tokatzen denean, patata sartuko da, eta letxugetatik-eta pixka bat haratago joango gara. Tomatea edo ilarrak tokatzen direnean, horiek sartuko ditugu. Beti garaian garaikoa izango da. Kontzeptu horiek landuko ditugu: garaian garaikoa, bertakoa…», adierazi du Reglak.
Baratzea, erlaxatzeko gune aproposa
Cristina Enea fundazioko langilearen hitzetan, ikerketa asko daude esaten dutenak baratzegintza terapeutikoa onuragarria dela, batez ere zaurgarriak diren kolektiboentzat eta bazterkeria egoeran daudenentzat.
«Kasu honetan, Agifeseko erabiltzaileei, buru osasuneko arazoak dituzten pertsonei, onura asko dakarzkie baratzeak, pixka bat erlaxatzeko balio duelako. Estres egoeren aurrean naturara gerturatzeak onurak dakartzala esaten dute», adierazi du.
Hainbat ikerketen arabera, baratzean lanean aritzeak onura ugari dakartza estres egoerei aurre egin ahal izateko
Horrez gain, baratze hori beraiena dela sentitze horrek ere laguntzen die errutina bat jartzen, Reglaren arabera: «Horrelako ikerketa asko daude. Europa iparraldeko herrialdeetako ospitaleetan eta onkologikoetan ere baratzeak jartzen hasi dira, estres momentuen aurrean onurak dakartzalako».
Bada, ikerketa horiek diotena baieztatzeko aukera izango dute Loiola Kultur Etxean hemendik uztailera bitarte. Hamar saio horiek amaitzen direnean, Agifeseko erabiltzaileekin eta +55 taldeko kideekin hausnarketa prozesu bat egingo dute, ikusteko zein puntutan dauden, zer suposatu duen proiektuak beraientzat, eta zein onura dakartzan. «Gero, erabaki beharko dugu baratzea eskolei bideratzea edo Agifes edo horrelako kolektiboekin saiakerak egiten jarraitzea», azaldu du Reglak.
Horrez gain, Donostia Kulturaren eskutik, hiritar guztientzat ere zabalduko dute espazio hori etorkizunean: «Udazkenean, publiko orokorrarentzat ikastaro bat eskaintzea aurreikusten dugu».