Egiaren erreparazioa eta justizia
INDARKERIAREN OI(H)ARTZUNAK
Zuzendaria: Amaia Merino eta Ander Iriarte.
Urtea: 2024.
Herrialdea: Euskal Herria.
Itzal luzea eta zauri sakonak utzi ditu Euskal Gatazka izenez ezagutu izan denak, eta horiek kontatzeko, ezagutzera emateko, salatzeko, aldarrikatzeko eta hausnarketari bide emateko baliatu dituzte hainbat eta hainbat sortzailek bateko zein besteko arte adierazpideak. Zinema alorrean, gatazkaren ertzak, kontra-historiak, isildutako istorioak eta kezkak jorratuz eratu dute, adibidez, Amaia Merino eta Ander Iriarte zuzendariek beren filmografia.
Nolabait, esan liteke, Asier eta Biok (Aitor eta Amaia Merino, 2013) lanarekin hasi zela euskal zinemagintza kontu eske, eta Amaiak berak, gerora, Miguel Angel Llamas Pitu ere izan du Non dago Mikel? (2020) eraikitzean bidelagun, Mikel Zabalza nafar gaztearen desagerpenari buruzko lanean. Bere aldetik, indarkeriak ezker abertzalearen ingurunean eduki duen garrantzia aztertu zuen Iriarte oiartzuarrak (bere jaioterrira mugatuz) Echeverriatik Etxeberriara (2014) opera prima-n, eta euskal lurraldeetan ezagututako torturen panorama orokorra zenbakietan eta datuetan aurkeztu digu berriki Karpeta Urdinak (2022) ikerketa lan zinematografikoan. Arantza txiki bat gelditu zitzaion, baina, Iriarteri. Tamara Muruetagoiena herrikidearen testigantza jaso gabe utzi zuen, eta orain, Merinorekin batera, haren historia gordina ekarri digu Donostiako Giza Eskubideen 21. Zinemaldian mundu mailako estreinaldia izan duen Indarkeriaren Oi(h)artzunak dokumentalean.
Film labur bat egiteko konpromisoa hartu zuten hasiera batean bi zinemagileek, baina aitortu dutenez, emakumea hizketan hasi bezain laster jakin zuten zabaldu eta erakutsi beharreko istorioa berarena propio zela. Haurra zela, ETAk familia bahitu, eta ondoren, Espainiako Estatuak medikua zuen aita torturapean nola hil zuen entzutea ez da batere atsegina izango. Bai, ordea, beharrezkoa. Tamarak berak kontatuta, azken lau hamarkadotan ukatu zaion ahotsa ez da behingoz isilduko. Bada, 1982an hasitako amesgaiztoaren kronika dakar filmak, gaurko begiradatik, gertatutakoa oraindik ere argitu gabe jarraitzen duen honetatik.
Iraganeko gertaerak lehengai dituenez gero, Indarkeriaren Oi(h)artzunak-ek zuloak ere baditu, irudi errealekin bete ezin direnak. Tamararen oroitzapenak eta pentsamenduak ordezkatzeko, «irudika ezina dena irudikatzeko», Adur Larrearen «trazu garbia» erabili dute Merinok eta Iriartek, Paula Olazen musika konposizio goxoak lagundutakoa; baita Eva Forest idazle eta ekintzaile kataluniarraren audio argigarriak ere. Hala, filmak ez du fokua aitak jasandako torturetan (eta familiak pairatutakoetan) jarriko, baizik eta Tamararen beraren ibilbide luze eta konplikatuan, bere borrokan, egiaren erreparazioa eta justizia lortu nahian egindako bidean.
Eta bete-betean asmatu dute filmaren erdigunean emakumearen diskurtsoa jarrita, bihotzak eta minak zintzoki hitz egiten dutenean gainerakoak sobran baitaude. Kamerari so begira, gu guztioi hitz eginez, dagoeneko 42 urtez luzatu den sufrimendua eta amorrua —baina sekula ez etsipena— partekatuko digu Tamarak, gaur arte entzungor egin dutenak seinalatuz. Bizitakoak modu argian ordenatzeko gaitasun eta ahalmen guztiz hipnotikoa dauka, erabat harrapatzen gaituena. Oilo-ipurdia jartzen ez zaionik bada, gizatasun eskasian dabil.
Barrenak hustu eta historiaren ahanzturatik askatzeko baliatuko du emakumeak Indarkeriaren Oi(h)artzunak dokumentala, ordubetez, aurrez aurre eta kliskatu gabe izango duen kameraren objektibotik begirada askatzea lortuko duen arte. Ordura arteko plano hertsi, itxi eta granotsua ireki egingo da, herritarren lehen aitortza publikoa jasotzearekin batera Merinok eta Iriartek hura besarkatu nahiko baitute, zinema hizkuntzaren baliabide formalak umiltasunez erabiliz.