«Euskadi turismorako erreferentzia gunea da jada, ez du promozio gehiagorik behar»

Etxebizitzan, Donostia tentsio handiko eremu gisa izendatzeko lan egingo duzue?
Zalantzarik gabe, bai. Podemos gobernuan zegoenean onartutako lege bat da. Soluzio integralago baten parte izan behar da, eta etxebizitza publiko gehiago eraikitzearen parte. %3,75ean gaude Donostian, eta Europako bataz bestekoa %9 da. Jaurlaritzaren espazio asko dago utzikerian, Loiolako Erriberak, Martuteneko Agustindarrak, ikaslerik gabe geratzear dauden hainbat ikastetxe… Austriaren, Danimarkaren eta Alemaniaren gisan, etxebizitza publikoaren eta alokairuen erregulatzea proposatzen dugu, haiek bezela inolako lotsarik gabe. Oso kontserbadoreak gara gai honetan: legea aplikatzea besterik ez dugu eskatzen. PSE eta EAJ entzuten ari gara antzekoa nahi dutela esaten, baina beraiek dira honaino ekarri gaituztenak: kanpainan gauza bat esaten ari dira, eta gobernuan beste bat egiten.
Turismoaren gaiarekin, udaleko alderdi guztiak ados daude Donostian goia jotzear dagoela. Eusko Jaurlaritzatik zer egin daiteke Donostiako turismoa erregulatzeko?
Udalean baietz esaten dute, baina gero ez dute ezer egiten. Tasa turistikoaren alde egiten dugu, turismoaren hazkundearen eta herritarren ongizatearen artean lotura zuzen bat egon dadin. Euskadi jada bada mundu mailan turismorako erreferentzia gunea, ez du promozio gehiagorik behar, ez du behar urtero milioika euro gastatzea mundu osoko ferietara joaten.
Osakidetza. Zer proposatzen du zure alderdiak Osakidetza hobetzeko? Donostian zer eragina izango luke??
Osakidetza honela egotea ez da istripu bat. Fenomeno meteorologikoa izango balitz bezala tratatzen dute. Estrategia bat izan da, zerbitzu publikoa okertu, pribatua handitu dadin. Haien mentalitatea da publikoa karga bat dela eta pribatuak aberastasuna sortzen duela. Eskema horrekin, ez dute erregulatzen turismoa, etxebizitza, eta osasungintza. Irizpide neoliberal zorrotzenak jarraitzen ditu EAJk.
Psikologoen plantilla handitzea eta pandemia ostean kaleratu ziren 4.000 profesionalak berriz ere kontratatzea proposatzen dugu guk. Donostian, adibidez, Intxaurrondoko osasun zentroa tamalgarria da.
Donostiaren proiektu estrategikoa da Zientziaren Hiri gisa garatzea, batez ere Eskusaitzeta eta Miramongo industriaguneetan. Eusko Jaurlaritzatik nola sustatuko duzue honakoa?
Estrategia logikoa da, eta guk babesten dugu. Handitu egin behar dugu, orain turismoaren eta higiezinen merkatuaren mendekoak garelako. Gobernutik sustatu behar dugu jasangarritasunaren eta etorkizuneko ekonomiaren irizpideak betetzen dituztela.
Segurtasunaren inguruan, zer proposamen dituzue? Egian komisaria mistoa egitearen alde zaudete?
Ez dugu elektoralismoa egin nahi segurtasunaren gaiarekin, egiturazkoagoa delako. Arazo konplexua da eta soluzio konplexuak behar ditu. Komisariaren kontra gaude? Derrigorrez ez, baina ondo ebaluatu behar da. Baina dena Poliziaz jostea, eta edozerengatik gazteria kriminalizatzea, ez; horren oso kontra gaude. Kriminalitatera bultzatzen duten egoera objektiboak daude, eta hori da landu beharrekoa. Etxerik gabekoen egoera lantzea da segurtasuna lantzea. Tokiko merkataritzaren galerari aurre egitea ere bada segurtasunari aurre egitea.