'Indarkeriaren oi(h)artzunak' filmak eskuratu du Giza Eskubideen Zinemaldiko Ikusleen Saria
Donostiako Giza Eskubideen 21. Zinemaldiaren palmaresa jakinarazi dute goizean. Aurtengoan, Indarkeriaren oi(h)artzunak (Amaia Merino eta Ander Iriarte; Espainia, 2023) filmak lortu du Ikusleen Saria Film Luze Onenari. Honela laburtzen du Giza Eskubideen Zinemaldiak Indarkeriaren oi(h)artzunak filma: “ETAk bere familia bahitu eta estatuak aita torturapean hil eta 40 urtera, Tamara Muruetagoienak egiaren eta justiziaren bilaketa nekaezina egiten du. Tamarak, aurrez aurre, familiaren tragedia kontatzen du: iraultza zerga, ETAko talde batek hamazazpi egunez bahitu izana, ondoren familia desegituratzea, estatuko makineriaren jazarpena, presio politikoa, epaiketa, aita eta amaren atxiloketa, torturak, hilketa… Baina baita bere bidea ere, egia jakitekoa, aitortzekoa, eta elkarrizketa erabiltzekoa gatazkak konpontzeko tresna nagusi gisa”.
Bestalde, Amnesty International Saria ematen duen epaimahaiak Mediha (Hasan Oswald; AEB, 2023) film luzea saritu du. Filmak yazidi nerabe baten istorioa kontatzen du, Mediharena, ISISen bahiketatik eta esklabotzatik bizirik atera zena. Mediha justizia bila dabil eta berarekin eramaten gaitu, bere trauma eta oinazea bideo egunkari pertsonalen bidez aurrez-aurre jarrita eta bere ahotsa aldarrikatuz, eta berak jasandako delituaren egileari buruzko ikerketei hasiera emanez.
Amnesty Internationalek lehiaketa honen barruan urtero ematen duen saria oraingoan erabaki duen epaimahaiaren iritziz, “emakumeen eta nesken aurkako sexu-indarkeria gerra-arma gisa erabiltzea salatzen du filmak, Irakeko gatazka belikoaren testuinguruan. Konkistatu, merkantzia gisa erabili, kolonizatu eta erabat suntsitu nahi den lurralde gisa tratatua izan da neska baten gorputza, Mediharena. Oswaldek gatazka armatu baten biktima ikusezinak ikusaraztea lortu du bere dokumentalaren bidez”.
Eta azkenik, Gazte Epaimahaiak Nazioarteko Film Laburren Lehiaketaren Saria Anna Hints zuzendariaren The Weight of Light filmari (Estonia-Frantzia, 2024) ematea erabaki du. 50 kidez osatutako epaimahaiak lanaren kalitate zinematografikoa eta giza eskubideen inguruan sentsibilizatzeko duen gaitasuna hartu ditu kontutan.
Gaur Victoria Eugenia Antzokian banatuko dira sariak, 20:00etan, eta ondoren, Zinemaldiari amaiera emango zaio Nina (Ana Jaurrieta; Espainia, 2023) filmaren proiekzioarekin.