«Soilik guk hitz egiten dugu segurtasun faltaz Donostian, eta denetarik esaten digute»
Zer dauka Donostiak jokoan hauteskunde hauetan?
Asko daukagu jokoan. Jokoan dago Donostiak bira bat ematea inoiz egon ez den toki baterantz, ezker nahiko atzerakoi baten posizioetarantz, edo, aldiz, beti egon den tokirantz joatea, hiri liberal baterantz. Horrek egin du Donostia den bezalakoa izatea: mundu osoan miresten den hiri bat, hobekuntza asko behar dituena, baina zoragarria dena. Horren aldeko apustu argia egin behar dugu, eta, horretarako, PP bozkatu behar dugu!
Etxebizitzan, Donostia tentsio handiko eremu izendatuko duzue?
Denok diagnostiko bera daukagu, eta da etxebizitzarako sarbidea gero eta zailagoa dela. Eta hori porrot bat da. Diagnostiko hori denok partekatzen dugu, baina ez ditugu irtenbideak partekatzen. Izan ere, prezioei mugak jartzea porrot bat izan da beti: Suedian, Alemanian, Frantzian, AEBetan…
2010eko hiri antolamenduko plan orokorrak aurreikusten zituen etxebizitzen %10 baino ez da eraiki, eta hori administrazio publikoaren porrot bat da. Etxebizitzen eraikuntza sustatu behar da, eta baita alokairu sozialeko etxebizitza publikoen eraikuntza ere, berrikusi beharreko irizpideak ezarrita. Horrela, egoera prekarioan dauden familiak ahalko lirateke etxe horietan sartu, baina kontuan izan behar dugu familien egoera aldatu daitekeela, eta, beraz, familia baten egoera hobetzen bada, familia horrek etxebizitza publikoa utzi eta merkatu libreko batera joan beharko luke. Eta baita alderantziz ere, merkatu libreko etxebizitza batean dagoen familia baten egoera okertzen bada, aukera izan beharko luke alokairu sozialeko etxebizitza batean sartzeko.
Eusko Jaurlaritzatik zer egin daiteke Donostiako turismoa erregulatzeko?
Kontuan izan behar dugu Donostiako BPGaren %30 turismotik datorrela, eta, beraz, turismoa zaindu behar dugu. Baina zaintzeak, baita ere, esan nahi du zaindu behar dela turismoak donostiarrengan duen eragina, turismo hori ahalik eta jasangarrien izan dadin. Beti mahai gainean dagoen neurrietako bat tasa turistikoarena da, eta ni horren alde nago, baldin eta tasa horretatik jasotzen den diruak eragin positibo bat baldin badu diru kutxa publikoetan eta donostiarrei onurak ematen badizkio, ez udalari.
Hau da, ez dut nahi diru hori erabiltzea sortzeko gastu gehiago ekarriko dituen beste chiringuito bat, laguntxoak sartzeko, beste behatoki bat, edo halako beste zerbait. Tasa turistikoarekin jasotzen den dirua donostiarrek ordaintzen dituzten zergak murrizteko erabili behar da, edo baita sektore turistikoak hirian sortzen duen desgastean inbertitzeko ere: kaleen asfaltatzean, seinaleztatzean, aparkaleku disuasorioetan, eta abar.
Zer proposatzen du zure alderdiak Osakidetza hobetzeko?
Osakidetza da behin-behinekotasun tasa handiena duen Espainiako administrazio publikoa. Eta hori Osakidetzako hizkuntz politiken ondorio argi bat da. Garrantzitsua da euskaraz artatua izan nahi duen donostiar edo herritar oro hala artatua izatea, baina horretarako ez da beharrezkoa sanitario guztiek euskaraz hitz egitea. Plaza asko ez dira betetzen ez dagoelako profil linguistikoa betetzen duen nahikoa mediku. Espainia osoan lehen arretako medikuen falta dagoen une honetan, guk hemen filtro bat gehiago jartzen dugu, eta horrek pazienteak are gehiago kaltetzen ditu. Beraz, filtro hori kendu behar dugu lehenik, eta lehen arretako mediku nahikoa lortzen ditugunean, filtro hori arrazionalizatu egin beharko da.
Zientziaren Hiriaren norabidean, zer egin behar da Miramonen eta Eskusaitzetako industriaguneetan?
Miramongo Parke Teknologikoa handitzearen aldeko apustua egin behar da, eta baita talentua eta enpresa berriak erakartzearen aldekoa ere. Eta eredu linguistikoak arazo bat dira talentua erakartzeko. Eta eredu linguistikoak arazo bat dira talentua erakartzeko ere, izan ere, hona datozen zientzialari asko familiarekin datoz, eta Euskal Herritik kanpotik zure seme-alabekin baldin bazatoz, ez duzu aurkitzen haurrak eskolaratzeko eskolarik. Beraz, nik uste dut jende mota horri aukera eman behar zaiola bere seme-alabak eskola publikoan gazteleraz eskolaratzeko, noski, tokiko kultura irakatsiz. Izan ere, beharrezkoa da talentua erakartzea.
Segurtasunaren inguruan, zer proposamen dituzue? Egian komisaria mistoa egitearen alde zaudete?
Egiako komisaria mistoaren alde nago, baina ziur nago EAJren eta PSE-EEren esku baldin badago, komisaria hori ez dela eraikiko; hain zuzen ere, 2024ko udal aurrekontu zirriborroan ez zegoen dirurik aurreikusita horretarako, eta guk zuzenketa bat aurkeztu behar izan genuen, diru zati bat sartzeko aurrekontuetan komisaria horretara bideratuta.
Edozein kasutan, segurtasunaren gaiari eman beharreko erantzuna ez da soilik poliziala. Alde batetik, ez da gaiaren inguruko eztabaida publikoa mugatu behar, izan ere, Espainiako Barne Ministerioaren datuen arabera, Donostia da azken urtean delinkuentziaren gorakadarik handiena izan duen Espainiako bigarren hiria; aldiz, soilik guk hitz egiten dugu segurtasun faltaz Donostian, eta denetik deitzen gaituzte horregatik. Beraz, gaiaren inguruko eztabaida publikoa normalizatu behar da.
Bestetik, nik beti esaten dut hemen jaio dena bezain donostiarra dena hirira atzo iritsi zena, eta, beraz, hirira iristen den edonork izan behar du lan merkatura sarbidea izateko eta formakuntza izateko aukera. Aldiz, aukera hori izanda, baliatzen ez dutenek ez dute inolako laguntzarik izan behar, pertsona horiek ez dutelako Donostian integratu nahi. Pertsona horientzako formakuntza ibilbideak bermatuz eta enpresekin harremanak sustatuz, gizarte zerbitzuen bidez, pertsona horiek formakuntza horiek eta gizarte lanak egitea onartu dezaten. Hori da gizartean integratzeko modu bakarra, baina joan-etorriko zerbait izan behar du: nik laguntzen zaitut, eta zu hirian integratzen zara.
Martuteneko Agustindarren eraikinerako zer proposatzen duzue? Zer egin, era berean, kale egoeran dauden herritarrekin?
Eraikin horretan dagoen jendea ez dago kale egoeran, eraikin horretan daudelako.
Badago kale egoeran dagoen jendea, beste inon bizi nahi ez duelako dagoena kalean. Eta hau gizarte zerbitzuetako langileek esaten dizute, beraiekin hitz egitera eta aterpetxeren batean lo egitea eskaintzen dietenean, ez dutenak laguntza hori baliatzen. Normalean, buru osasuneko arazoak dituen jendea da, eta ezin dituzu behartu nahi ez duten toki batera joatera. Aldiz, jabetza pribatuko eraikinak okupatzen dituen jendeak baditu bestelako aukerak edo, gutxienez, izan beharko lituzke.
Adibidez, nik, Donostiako Alderdi Popular gisa, ez nuke arazorik izango okupazioak egitera —delitu bat egitera, alegia— behartuta ikusten diren pertsonei denbora jakin batez etxebizitza bat eskaintzea, lan merkatura sartzeko formakuntza jasotzearen edo lan egitearen truk. Baina Agustindarren eraikina okupatzen duten pertsonak auzoan bertan eta hiri osoan delituak egiten ari diren pertsonak dira. Ezin dugu onartu urte luzez eraikin bat okupatuta edukitzea, delituak egitera dedikatzen diren pertsonekin, gizarteari ezer eskaini gabe. Adibidez, Eusko Jaurlaritzatik, eraikin hori bihurtu liteke pertsona hauek bizi ahal izateko eta bertan lan merkatura sartzeko formakuntza jaso ahal izateko eraikin.
Donostiara datorren eta egoera zaurgarrian dagoen jende gehiena lan egitera eta bizimodua ateratzera dator, baina beste batzuk a liarla datoz, eta horiek ez ditugu nahi.
Donostiak ezin du onartu jendea kale egoeran edukitzea, eta, horregatik, lan merkatura sartzeko aukerak eta formakuntzak eskaini behar dizkie egoera horretatik atera nahi duten guztiei.