Gurutzetako ospitalera ekarri dute Thailandian gaixorik zegoen donostiarra
Arratsaldean iritsi da Loiuko aireportura Espainiako Defentsa Ministerioak Alex Garcia larri gaixo dagoen donostiarra Thailandiatik aberriratzeko bidali duen hegazkin medikalizatua. Ondoren, anbulantzia batek Gurutzetako ospitalera eraman du.
Pazientea, duela hilabete baino gehiagotik Bangkokeko ospitale batean pankreatitis nekrotizatzaileak jota ingresatuta zegoena, Gurutzetako ospitalera eraman dute, familiak hala erabakita, Loiuko aireportutik gertuen dagoen zentroa baita.
Hegazkina 18:20 aldera iritsi da Bizkaiko aireportura, hamabi ordu inguruko hegaldiaren ondoren. Familia beste bi alditan saiatu da bere kabuz Garcia aberriratzen, baina ez dute arrakastarik izan saiakera horiek.
Gaztea Bangkokeko Samitivej Ospitaleko Zainketa Intentsiboetako Unitatean egon da orain arte. Duela hilabete baino gehiago, emaztearekin batera bidaiatu zuen hara, eta bidaiatu aurretik, hemen artatu zuen medikuak esan zion pairatzen zituen eragozpenak “gasak” eragindakoak zirela eta ez zuela “ezer”.
Thailandian gizona “gaizki sentitzen” hasi zen, eta, beraz, ospitaleratu egin zuten, “behazun jatorriko pankreatitis nekrotizatzailearekin, %30ean”.