«Hiri bizigarriago baten aldeko» egun osoko egitaraua prestatu du Donostia Defendatuzek larunbaterako
Donostia Defendatuz koordinakundeak “hiri bizigarriago baten aldeko” egun osoko egitaraua prestatu du larunbaterako (hilak 27) Bulebarrean, askotariko jarduerekin: “Egun osoan zehar herri mugimenduen erakusketa. Informazio gunea, performancea eta hiri ereduaren maparen osaketa auzolanean”. Herritarron Plaza izena jarri diote egitasmoari.
Hiriko hainbat auzo elkartek eta gizarte mugimenduk osatzen dute Donostia Defendatuz, eta salatu dute “Donostiako egungo hiri eredua gutxiengo baten onurara bideratuta” dagoela: “Gehiengoaren bizi baldintzak baztertuta geratzen dira sektore pribilegiatuenen mesedetan. Espekulazio, turismo eta luxuzko negozioen aldeko udal gobernuaren erabakiak bata bestearen atzetik hartzen dira, hiria turistifikazio prozesu basatian sartu, etxebizitza larrialdia areagotu, bizilagunak auzoetatik kanporatu, ondare arkitektoniko eta naturala suntsitu, berdeguneak murriztu, merkataritza txikia galdu eta hiriko sare soziokulturalari eragiten dion bitartean. Politika horien ondorioak gero eta larriagoak dira eta donostiar gehienek jasaten dituzte egunez egun. Gure hiria gero eta bizigaitzagoa da”.
Horrela, salatu dute erakunde publikoetatik “bultzatzen eta inposatzen” ari direla “donostiarron beharrekin zerikusirik ez duten hainbat proiektu eta operazio urbanistiko, interes orokorrari eta herritarren ahotsari muzin eginda”. Ildo horretatik, Basque Culinary Centerren Manteoko egoitza, Añorga Txikiko etxebizitzak, San Bartolomeko merkataritza zentroa eta Xabi Alonsoren Igeldoko txaleta aipatu dituzte, beste askoren artean.
“Jarduera horiek guztiak udal gobernuaren politika etengabearen erakusgarri dira. Alegia, ez dira arazo puntualak, hirian dugun arazo orokor eta endemiko baten ondorio eta adibide, baizik. Aurrekontu publikoa eta udal erakundeak interes ekonomiko partikularren alde jartzen dira sistematikoki, eta horrek erakusten du Donostia modu arriskutsu eta atzeraezinean saldu nahi dutela. Herritarren bizitzak erdigunean jarriko dituen hiri ereduaren alde egiten dugu, eta ez dugu onartzen gure hiriarekin egiten ari dena, asko baitugu jokoan”, gaineratu dute.
Horren aurrean, honako egitaraua prestatu dute larunbaterako, hainbat mahai ingururekin eta kalejira aldarrikatzaile batekin, besteak beste:
- 12:00. Mahai ingurua: Hiri parkeak (Haritzalde).
- 12:45. Mahai ingurua: Turistifikazioa (Bizilagunekin, Parte Zaharrean Bizi eta Birunda).
- 13:30. Bertsolariak: Beñat Gaztelumendi, Unai Gaztelumendi eta Izarne Zelaia.
- 14:00. Bazkari autogestionatua. Ekarri pikatzeko zerbait!
- 16:15. Mahai ingurua: Mugikortasuna (Kalapie, Satorralaia eta Egia Bizirik).
- 17:00. Mahai ingurua: Harrera egitasmo solidarioak (Kaleko Afari Solidarioak, Hiritarron Harrera Sarea eta Guztiontzat Egia).
- 17:30. Kontzertua: Gartxot.
- 18:00. Mahai ingurua: Ondarea (Miren Apalategi eta Josean Arrieta).
- 18:45. Mahai ingurua: Etxebizitza (Kaleratzeak Stop, Pasaiako Portuko Etxea/ Etxebizitza Sindikatua, Altza XXI Herri Ekimena, Saretxe eta Javier Nadal).
- 20:00. Kalejira aldarrikatzailea: Hiri bizigarriago baten alde!
Hiriko 42 eragilek egin dute bat larunbateko egitasmoarekin: Altza XXI Herri Ekimena, Amara Bai auzo elkartea, Ancora, Añorgatxikitarrak auzo elkartea, Lugaritzeko auzokideak, Ba Gera, Belartza 2 Gelditu, Bideak Bidebietako auzo elkartea, Bizilagunekin plataforma, CCOO sindikatua, CNT Gipuzkoa, Dendartean, Donostia Bizirik, Egia Bizirik auzo elkartea, Eguzki talde ekologista, Ekologistak Martxan Gipuzkoa, Erdian Bizi auzo elkartea, Errausketaren Aurkako Mugimendua, ESK sindikatua, Gazte Ekoliderren Sarea (GEKOS), Greenpeace, Haritzalde Naturzaleen Elkartea, Heriz plataforma, Herria kultur elkartea, Herripe auzo elkartea, (IZBE) Intxaurrondo Zaharreko Bizilagun Elkartea, Kaleratzeak Stop Desahucios Donostialdea, Kontenedora, LAB sindikatua, Martutene Bizirik, Mugarik Gabe, Ondare SS, Osteguna elkartea, Parkea Bizirik, Parte Zaharrean Bizi auzo elkartea, Saretxe Groseko Etxebizitza Sindikatua, Sarroeta bizilagunen elkartea, Satorralaia, SOS Manteo, Steilas sindikatua, Uliako auzo elkartea eta Uliako Lore Baratzak.