Kursaalen aurkeztuko dute Makusi, haurrentzako eta gazteentzako euskarazko lehen plataforma digitala
Apirilaren 26an estreinatuko dute Makusi, EITBk haurrentzat eta gaztetxoentzat sortutako euskarazko plataforma digital berria. Plataforma berriak euskarazko entretenimendua izango du oinarri, “edukien eskaintzarik onenarekin eta teknologiarik puntakoena erabilita, gailu eta ingurune guztietatik sartu ahal izateko”. Makusik bi zutabe izango ditu, plataforma digitala eta kluba, eta eskuragai egongo dira apirilaren 26tik aurrera, www.makusi.eus webgunean.
Egun horretan bertan, aurkezpen festa egingo du EITBk Kursaalen, 19:00etan. Etxeko txikienei eta gaztetxoei zuzendutako ikuskizuna izango da, eta Makusi bideokliparen estreinaldia ere egingo dute. Bertan egoteko gonbidapena beharrezkoa izango da. Gainera, iluntzean dronekin osatutako argi ikuskizun berezia eskainiko dute, kalean. 120 dronekin sortutako argi ikuskizuna izango da, Saguesen, 21:30etik aurrera.
Askotariko eskaintza
Makusi doako plataforma digitalak askotariko ikus-entzunezko eskaintza izango du: marrazki bizidunak, fikzioa, animazioa, telesailak, filmak eta ekoizpen propioak. Edukiak adinaren arabera pertsonalizatuta eskainiko ditu Makusik, eta bakoitzak sustatzen dituen balioen deskribapen fitxa ere erakutsiko du.
Plataformaren sorrerarekin batera, hiru saio propio estreinatuko ditu Makusik: Potx eta Lotx, txikienentzako pailazoen programa; Kalaxka, Aritz Mendiolak eta Ane Perez Acedok aurkeztutako gaztetxoentzako aktualitatezko magazina; eta Power Up, euskaraz sortutako fikzioa, bideo jokoaren mundua oinarri hartuta, nerabeen eguneroko gaiak eta arazoak jorratuko dituena.