Zinemaldiak isuritako karbono aztarnaren %14 murriztu du azken urtean
Creast aholkularitza enpresak egindako txostenak 2023ko datuak aztertu eta aurreko urtekoekin alderatu ditu. Aurtengo Zinemaldiari begira, berriz, mugikortasun kutsadura murriztea izango dute xede.
Hirugarren urtez jarraian, Donostiako Zinemaldiak iraunkortasunaren ebaluazioari eta karbono aztarnaren neurketari buruzko txostena aurkeztu du, jasangarritasuna bermatzeko helburuarekin. CREAST aholkularitza enpresak egin du txostena, bigarrenez, eta jasotako emaitzen arabera, 2022tik 2023ra 1.966 tona CO2 gutxiago isuri du zinema jaialdiak.
Zehazki, Zinemaldiak % 14 murriztu ditu karbono isuriak — 4.147 tonatik, 3.556 tonara—, besteak beste, paperaren erabilera murrizteagatik, eta moketa birziklagarriak erabiltzeagatik. Era berean, bigaren eskuko eta alokatzeko materialei lehentasuna eman die zinemaldiak eta argiztapen orduak murrizteaz gain, LED argiztapenaren bidea jarraitu du beste urtebetez.
Gainera, bigarren urtez jarraian Zinemaldiko egoitzetan behar bezala seinaleztatutako birziklatze postuak ezarri dira, eta mugikortasunaren alorrean, gutxiago kutsatzen duten ibilgailuen aldeko hautua egiteaz gain —trena, ibilgailu hibridoak eta elektrikoak—, pertsonen garraio zerbitzuek kilometro kopurua gutxitu dute.
Datuok esku artean, 2024ko ediziorako bide orria prestatzen hasi dira, eta dagoeneko argi dute 72. Zinemaldian mugikortasunean jarriko dutela fokua. Kanpo eta barne mugikortasuna jasangarriagoa izan dadin, kontzientziazio kanpaina bat landuko dut — akreditazioa eta akreditaziorik ez duten pertsonekin— garraio aukera iraunkorrenen alde egitera animatzeko.