Bost estreinaldi hartuko ditu 33. Poltsiko Antzerki Jaialdiak
33. Poltsiko Antzerki Jaialdia antolatu du Donostia Kulturak maiatzaren 2tik 19ra. Hamalau konpainiek euren ikuskizunak eskainiko dituzte 32 emanalditan, eta horietatik hamasei euskaraz izango dira eta beste hamasei gazteleraz. Emanaldiak hiriko 25 espaziotan banatuko dira.
Formatu txikiko ikuskizunen askotariko proposamenek osatzen dute eskaintza, non hiriko antzerki programazioan bakarlariak, magoak, mentalistak eta antzezlanak izango diren. Jaialdi honen xede nagusia da barietate antzerkia zabaltzea hiriko auzo guztietara, bai haren ohiko jarraitzaileei, eta baita tradiziozko espazio eszenikoetara joateko ohiturarik ez duen publikoari ere.
Poltsiko Antzerki Jaialdiaren bereizgarria da antzezpenetarako oso ohikoak ez diren agertokietan saioak programatzea. Alabaina, agertoki horiek publikoarengandik hurbil dauden espazioak eta lekuak dira (adibidez, tabernak), eta ideia eta formatu berriekin esperimentatzeko bidea ematen dute.
Poltsiko Sorkuntza saria
Edizio honetan ere Euskarazko Poltsiko Antzerki Sorkuntzaren deialdiko irabazleak hartuko du parte. Poltsiko Antzerki Sorkuntzaren deialdia Donostia Kulturak antolatzen du, Euskara Zerbitzuarekin eta Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearekin lankidetzan.
Jasotako proiektuen artean, F taldearen Promesa berdina egin diegu lagun guztiei antzezlana izan da irabazlea. Maite Aizpuruaren zuzendaritzapean, artista desberdinak elkartu dira proiektu honen lantaldean. Finalista izan den beste obra Maider Diaz eta Xabin Fernandezen Famiglia antzezlana izan da.
Estreinaldiak
Aurreko urtean bi estreinaldi egon baziren ere, aurtengo edizioan bost estreinaldi izango dira ikusgai. Aipatutako Antzerki Sorkuntzako F taldearen Promesa berdina egin diegu lagun guztiei lan irabazlea eta Maider Diaz y Xabin Fernandezen Famiglia. Era berean, Tessa Andonegi y Ainhoa Aierberk Desorduetan estreinatuko dute, Maitetxu Miak Hau da hau Euskandaloa! antzezlana eta Andoni Mutiloak Gora Poltsiko antzerkia! antzezlana.
Maiatzaren 2tik 19ra emanaldiak eskainiko dira hiriko hainbat taberna eta espaziotan, beti ostegunetik igandera. Ikuskizun guztietarako sarrera doan izango da, edukiera bete arte.
Hemen ikus dezakezue programazioa osorik.