Donostiako hoteletako egonaldiek gora egin dute martxoan
Donostiako igoera Euskadi osokoa baino askoz ere handiagoa da eta EAEko beste bi hiriburuak ere aise gainditu ditu.
Nazioarteko turista gehiago, egonaldi luzeagoekin eta gero eta lehenago. EUSTATek martxoan egindako Establezimendu Turistikoen Inkestako datuetan oinarritutako baieztapen batzuk dira horiek. Aste Santuak azterketan eragin nabarmena izan duen arren, bistakoa da, turistak uda sasoiko fenomenoa izatetik, urtaro guztietan ugaritzen ari direla. Hotel establezimenduetako egonaldiak % 32,2 handitu ziren martxoan Donostian, eta sarreretan ere igoera nabarmena izan zen, % 25,8koa, hain zuzen.
Donostiako igoera Euskadi osokoa baino askoz ere handiagoa da, EAEko hoteletako bataz besteko egonaldiak %19,5 igo baitziren; sarrerak, berriz % 16,5. Era berean, EAEko gainerako hiriburuetako datuak ere nabarmen gainditu ditu Donostiak, Bilbon eta Gasteizen ere igoerak izan dituzten arren, Bilboko hazkundea baina lau aldiz gainditu baitu Donostiak.
Donostian, batez besteko egonaldia 1,88 gauekoa izan zen joan den hilean, 2023ko martxoan baino handiagoa —1,79 gau—, eta 105, 53 eurokoa izan zen eguneko bataz besteko egonaldiaren kostua. Aurreko urteetako turistekin alderatuta, halaber, desberdintasunak nabaritu dituzte jatorriari dagokionez; Espainiako Estatuko jende gutxiago etorri da. Txanponaren ifrentzuan, berriz, nazioarteko bisitariak gailendu dira: Aste Santuan, hamar bisitaritik ia lau atzerritarrak ziren.