Goia, hauteskundeetako Donostiako emaitzei buruz: «Hiriarekin berriz ere konektatzea da gure erronka oraindik ere»
Eusko Legebiltzarrerako igandeko hauteskundeen inguruan galdetu diote kazetariak Eneko Goia alkateari astearte goizean eman duen prentsaurrekoan, eta Donostiako emaitzen balorazioa egin du, nahiz eta ez duen EAJren eta PSE-EEren arteko gobernu akordio hipotetikoen inguruan hitz egin nahi izan. “Donostiako emaitzei buruz, argi eta garbi esan behar da EAJ dela Donostian irabazi duen alderdia, beste behin ere. Eta emaitza bat dator azken hauteskundeotan egondako emaitzekin”, adierazi du alkate jeltzaleak.
Halaber, nabarmendu du “hiriarekin berriz ere konektatzea” dela oraindik ere erronka nagusia, bai EAJrena eta bai berea, alkate gisa. Izan ere, 2023ko udal hauteskundeen ostean, hori bera esan zuen alkateak, 10.000 boto inguru galdu baitzituzten orduan jeltzaleek. “Udal hauteskundeen ostean, esan nuen hiriarekin berriz konektatzeko erronka genuela, ikusi genuelako bazegoela jende bat urrunduta edo ez zuena nahikoa motibazio EAJ bozkatzeko. Hori da oraindik ere gure erronka nagusia, eta horretara bideratzen ditugu gure indarrak”, esan du Goiak prentsaurrekoan.
Igandean, alderdi jeltzaleak 28.184 boto jaso zituen Donostian, EAEn gertatu zen moduan, hauteskundeak irabazita. Hala ere, 2020ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan baino ia 1.000 boto gutxiago lortu zituen EAJk Donostian igandean; 29.314 boto lortu zituen 2020an, parte hartze baxuagoarekin; %37,19ko abstentzioa egon zen igandean, eta %45,75ekoa 2020an. Era berean, EAEn gertatu moduan, EH Bildu oso gertu izan du EAJk oraingo honetan Donostian, 27.363 boto eskuratu baititu —2020an, 19.334 boto lortu zituen—. 2023ko udal hauteskundeei dagokienez, abstentzioa %40,12koa izan zen Donostian, eta 24.539 eta 23.387 boto lortu zituzten EAJk eta EH Bilduk, hurrenez hurren.