'Karmele' filma grabatzen hasi dira
Eneko Sagardoy eta Jone Laspiur aktore donostiarra dira Asier Altuna zinemagilearen azken filmaren protagonistak.
Asier Altuna zinemagileak abiatu berri ditu Karmele pelikula grabazioak, eta maiatza amaierara arte egongo dira errodajean murgilduta, Bizkaian, Gipuzkoan, Nafarroan eta Lapurdin. Filmetako protagonistetako bat da Jone Laspiur donostiarra, eta Eneko Sagardoy aktorearekin batera, 1930eko hamarkadan murgilduko da, Kirmen Uriberen Elkarrekin esnatzeko ordua eleberrian oinarrituta dagoen istorioa kontatzeko.
Filmak Karmele erizainaren (Jone Laspiur) bizipenak ditu kontagai. 1930eko hamarkadan Frantzian erbesteratuta dagoela, Txomin (Eneko Sagardoy) ezagutuko du, tronpeta-jotzaile iaio bat, eta maitasunak eta konpromiso politikoak zeharkatzen dituen istorioa biziko dute batera, Parisen, Caracasen eta Euskal Herrian. Familia osatuko dute elkarrekin, eta poz-pozik biziko dira, harik eta familiarekiko edo ideiekiko fideltasunaren bidegurutzea zirt edo zart egiteko unea iritsiko zaien arte.
Laspiur eta Sagardoy aktoreek gorpuztuko dute pantailan Karmele Urrestik eta Txomin Letamendiak osatzen duten bikotea. Nagore Aranburu eta Javier Barandiaran izango dituzte lagun, Karmeleren aita-amen azaletan. Asier Altuna arduratu da gidoiaz eta zuzendaritzaz, eta lankide izan ditu Javier Agirre argazki zuzendaria, Alazne Ameztoy soinu zuzendaria, Nerea Torrijos jantzitegian, Lauren Dufreche editatzen, Aitor Etxebarria musika konposatzen eta Felix Berges eta Jon Serrano efektu bereziak zaintzen. Txintxua Films produkzio etxeak ekoitzi du ikus-entzunezko lana eta 2025ean aurkeztea aurreikusten dute.