Mandasko dukesa Gladys Eneara bueltan, antzeztutako bisita batzuen eskutik
Cristina Brunetti y Gayoso de los Cobos, Mandasko dukesa, Gladys Eneara itzuli da hil eta 110 urtera, Cristina Enea fundazioak antolatutako bisita gidatu antzeztuetan. Mandasko dukesaren irudia ezagutarazi eta balioesteko asmoz, Josune Gorostegi aktoreak dukesaren papera antzeztuko du hilabete bakoitzeko azken igandean. Jose Mº Hernandez Cristina Enea fundazioko zuzendariak azaldu duenez, gidoi bat landu dute dukesaren bizipenetan eta esperientzietan oinarrituta, eta antzezlanak 1905ean murgilduko ditu herritarrak, parkea zeharkatzen duten bitartean.
Hernandezek azaldu duenez, aspaldi hasi ziren Mandasko dukesaren oroimena berreskuratzen: “2019an, bere busto bat egin genuen. Kanpoan Mandasko dukearena dago, ospetsua beti bera izan delako, baina benetan, Cristina anderea zen dukesa. Beraz, Cristina anderearen busto bat egitea ere pentsatu genuen, Ingurumen Baliabideen Etxean dagoena, bere senarrari begira. Beti egon ziren oso maiteminduta, eta gaur egun ere, elkarri begiratzen jarraitzen dute”.
Horrez gain, parkearen sorreraren inguruko erakusketa bat ere egin zuten, eta zuhaitz garrantzitsuak pixkanaka nola ekarri zituzten eta eraikinak nola egin zituzten azaltzen zuten bertan. Gainera, 2022an, Mandasko dukesaren biografia argitaratu zuten, “hari buruzko datu interesgarriak eta hark bizi zuen testuinguru historikoa kontatzen dituena”. “Mandasko dukesa ez zen Donostian jaio, baina bere bizitzaren zati handi bat pasatu zuen bertan, eta baita beste hainbat tokitan ere”, azaldu du Hernandezek.
Bisita antzeztuak
Bisita antzeztuetan, Mandasko dukesak harrera egingo die bisitariei, eta hainbat gauza kontatuko dizkie berari eta bere senarrari buruz, bizitzan zehar izan zituzten abenturen inguruan, eta lursailaren sorrerari buruz. “Ez da haurrentzako bisita bat, publiko orokorrarentzat prestatu dugulako”, nabarmendu du zuzendariak.
Bestalde, Cristina Enea Fundazioko erakusketa proiektuen arloko arduradun Eneko Calvok azaldu duenez, bisita antzeztu hauei esker, Mandasko dukesaren bizitzara gehiago hurbildu ahal izango dira bisitariak. “1905ean murgilduko gara, dukesaren bizitzaren amaieran, 74 urte dituenean. Horrela, berak bere bizipenak eta dukearekin bizitako etapak jaso eta kontatu ditzake. Data hori aukeratzeak balio izan digu dagoeneko gertatu diren gauzak kontatzeko, ez zuelako zentzurik gazte irudikatzeak eta oraindik gertatu ez diren gauzak kontatzeak”, adierazi du Calvok.
Dukesaren jantziari dagokionez, Cristina Brunettik berak eraman ohi zituenen tankerakoa da, eta Ingurumen Baliabideen Etxean dagoen erretratuan oinarrituta dago. Horretarako, Ramon Garcia jantzi historikoetan adituaren aholkularitza izan dute antolatzaileek. Gainera, aholkatzeaz gain, soinekoa bera egin du Garciak, eta horrek, garaiko ileorde bikain batekin eta gainerako osagarriekin batera, Mandasko dukesaren errekreazioa fidela izatea eragiten du. “Bisita hauetarako propio egindako soinekoa da, esperientzia errealistagoa eta murgiltzaileagoa izan dadin lagunduko duena”, azaldu du Calvok.
Bisitak euskaraz zein gaztelaniaz egingo dira, hamabost laguneko talde mugatuetan, hileko azken igandean, 10:30ean eta 12:30ean, eta 60 minutu inguruko iraupena izango dute, gutxi gorabehera. Izen emateak zabalik daude Cristina Enea Fundazioaren webgunean (www.cristinaenea.eus) eta doakoak izango dira. Hala ere, erreserba egiten dutenek hitzordura joan daitezen ziurtatzeko, pertsona bakoitzeko bi euroko fidantza jarri beharko da, eta antzezpena egin ondoren, bonu moduan itzuliko da.
Sarreren zozketa Irutxuloko Hitzan
Irutxuloko Hitza bisita gidatu hauetarako sarrera bikoitz bat zozketatzen ari da, apirilaren 25era arte. Parte hartu nahi baduzue, esteka honetan eman dezakezue izena.