Realak omenaldia egingo dio David Silvari ostiralean
Realak omenaldia egingo dio ostiralean David Silva jokalari ohiari Anoetan, Real Madrilen aurkako partidaren atarian, 21:00etatik aurrera. Urre eta brillantezko intsignia emango diote kanariarrari, “Realari emandako guztiagatik”.
Realak adierazi duenez, Silvak “aztarna ezabaezina utzi du familia txuri-urdin osoan”. “Davidek, lehenengo egunetik, goraipatzeko moduko apaltasuna eta konpromisoa erakutsi zuen. Bere talentu guztia taldearen zerbitzura jarri zuen eta funtsezko gizona izan zen azken denboraldietan lortutako arrakastetarako. Europako sailkapenak eta, batez ere, 2020ko Errege Kopako titulua Davidek utzitako legatuaren zati bat baino ez dira izango. Gazte guztientzat eredu izatea eta aldagelan erreferente izatea, zelai barruan zein kanpoan, balio kalkulaezineko elementuak dira”, nabarmendu du klubak.
Silva txuri-urdinez jokatzen ikusteak kluba “zoriontsu” egin zuela adierazi dute, eta “opari bat” izan zela. Ostiralean, “legenda bat txalotzeko aukera” izango dute realzaleek Anoetan.