Egitarau zabala prestatu dute Altzako XI. Naturaldiarako
Egitarau oparoa prestatu dute Altzako Historia Mintegiak eta Donostia Kulturak Altzako XI. Naturaldiarako. Maiatzaren 2an inauguratuko dute Naturaldia, Txoriak bistak erakusketarekin, Tomasenen. Josemari Gimon Itsas Enara Ornitologia Elkarteko kideak gure inguruko hegaztiei ateratako argazki bilduma aberatsa erakutsiko du bertan.
Maiatzaren 9an, Altzatik abiatutako ibilbideak saioan (+55), Larres bisitatuko dute. 09:30ean irtengo dira Casares kultur etxetik eta Tomaseneko kultur etxera hurbilduko dira, Altzako berdeguneei buruzko gauza berriak ikasteko. Ondoren, Larres berdegunetik paseoa emango dute, bertako ezaugarri nagusiak ezagutuz eta balio naturalak ikasiz. 11:30erako bukatuko dute paseoa.
Maiatzaren 10ean eta 17an, Arte eta Natura tailerrak egingo dituzte 6 urtetik gorako haurrek. Haurrek, material naturalak erabiliz (hostoak, harriak eta loreak), lepokoak, mandalak eta harri margotuak egingo dituzte. Casares Kultur Etxean izango da, 17:30ean.
Maiatzaren 16an, Enarak hitzaldia eskainiko dute Tomasenen, 19:00etan. Hitzaldi honetan udaberrian gure herrietan aurkitzen ditugun enarei buruz hitz egingo dute. Espezie ezberdinak ezagutuko dituzte, eta dituzten arazoak eta babesteko arrazoiak ikusiko dituzte. Habien jarraipena nola egin azalduko dute, populazio horiek denboran zehar izan duten bilakaera ikusi ahal izateko. Hizlaria Maite Laso izango da, Aranzadiko Ornitologia sailekoa.
Maiatzaren 20an, El olivo (2016) filma proiektatuko dute Tomasenen, 18:00etan. 55 urtetik gorakoentzat izango da emanaldia.
Maiatzaren 23an, Altzatik abiatutako ibilbideak saioan (+55), Gaintxurizketa – Beloaga Gaztelua – Arragua ibilbidea egingo dute. Gipuzkoako Barnealdeko Done Jakue Bidearen etapa da hori. Irteera: 08:25 autobusa E-20 Donostia; 08:30 Herrera; 08:55 Gaintxurizketa gaina.
Azkenik, ekainaren 11n, Txoriak bistan erakusketan bisita gidatua egingo dute, 18:30ean. Bertan izango da Josemari Gimon, argazkien egilea, argazkien inguruko azalpenak emateko.