Euskararen aldeko mobilizazioa egingo dute ostiralean, Harrotze Astearen barruan
Euskal Herriak Euskaraz taldeak (EHE) antolaturiko Harrotze Astearen barruan, mobilizazioa egingo dute ostiralean Justizia Epaitegiaren aurrean, 18:00etan. Astelehenean hasi eta igandea honetan amaituko den egitasmo honek hainbat helburu dituela azaldu du EHEk: “Helburu nagusiak dira tokian tokiko borrokak piztea, euskararen aldeko aldarriak kalera ateratzea eta euskaldunon komunitatea indartzea eta harrotzea”.
Gainera, beharrezkoa iruditzen zaie “atzerakadak eragiten ari diren horiek seinalatzea eta salatzea”, eta argi adierazi dute: “Euskaldunok kolektiboki indartu behar gara, ahaldundu, harrotu. Harrokeriarik gabe, baina, harrotasunez eta kolektiboki, esan dezagun euskaldunak garela eta gure herrian euskaraz bizitzeko eskubide osoa dugula”.
Horregatik, ostiraleko mobilizazioan, performance baten bitartez, epaiketa bat irudikatuko dute, “non euskaldunok behin eta berriz zigortzen gaituzten eta euskaraz bizitzeko eskubidea ukatzen diguten”. Hala, “euskaldunon aurkako oldarraldiaren erantzuleetako batzuk” seinalatuko dituzte; “zapalkuntza ez baita ausazko kontua, arduradun eta konplize ugari daude horren atzean”. “Era berean, egoera horren aurrean, euskaldunok kolektiboki dugun indarra ikusarazi eta balioan jarriko dugu”, azaldu du EHEk.