Ibaetan izango da 'Herri Txiki Infernu Handi' saioa, igande gauean
Realzale amorratu baten gorabeherak, burokrazia arazoek eragindako egoera deserosoak, senideen arteko harreman arraroak, sevillanak eta zinta lasterketak… Istorio guzti horien protagonistak eta Ibaetako bitxikeria gehiago ezagutzeko parada izango dute ikus-entzuleek igande honetan, 22:00etatik aurrera, Herri Txiki Infernu Handi umorezko saioan, ETB1en.
Mikel Pagadi eta Miren Nogales aurkezleek hezeguneen zona bisitatu zuten otsaila hasieran, eta auzoko kale eta bideetatik gora-behera ibili ostean, dozena erdi bizilagun animatu zituzten saioan parte hartzera. Ohi bezala, ezagun eta ezezagun diren bitxikeriak kontatu, eta auzoko historia eta istorioak bildu zituzten, ondoren gainerako bizilagunekin partekatzeko. Lautximeneta frontoian egin zuten auzotarrentzako saio berezia monologo, bertso eta guzti. Orain, ordea, euskal gizarteari zabalduko dizkiote Donostiako auzo berezi horren ateak.