«Ilusioz nago, baina hankak lurrean ditut»
Izarne Zelaia bertsolari donostiarrarekin hitz egin du 'Ataria'-k. Izan ere, hirugarrenez parte hartuko du aurten Gipuzkoa Bertsotan txapelketan.
Bihar hasiko da Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasea, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa aurrekaria. Sei donostiarrek parte hartuko dute, eta horietako bat da Zizurkilen bizi den Izarne Zelaia Arratibel. Ataria-k harekin hitz egin du txapelketa hasi aurretik. “Ilusioz nago, baina hankak lurrean ditut”, adierazi du Zelaiak.
Prestaketari begira, txapelketa aurretik bertso eskolan giro berezia sortu ohi dela dio. “Bertsokideekin astero elkartzen saiatu naiz. Koadernoarekin lan egitea ere egokitzen da, nahiz eta nahi baino denbora gutxiago eskaini diodan”.
Txapelketa bizitzea eta erlatibizatzea izango da Zelaiaren helburua. “Kontzentrazioari eustea izango da erronka, azken boladan arazoak eman dizkit eta. Gero, ahalik eta saio txukunena egin eta nire buruarekin jator portatzea nahiko nuke”. Adierazi duenez, ez dauka ezer berezirik erakusteko asmorik: “Txapelketa bera tresna moduan bizi nahi dut, bertsoari bolada batez nire bizitzan zentraltasun pixka bat gehiago emateko”. Azken asteotan bakarka gustura aritu bada ere, ofizio zalea dela aitortu du.
Zelaiak maiatzaren 10ean, ostirala, kantatuko du Mutrikun. Zabiel Kultur Etxea izango da saioa, 19:00etan hasita. Ondorengo bertsolariak ariko dira: Ane Peñagarikano Leiva, Izarne Zelaia Arratibel, Iñigo Gorostarzu Etxebeste, Jon Mendiluze Mujika, Josu Ibarguren Elosegi eta Manex Astigarraga Bergara.