Tabakalerako Situ-akzioak erakusketaren edizio berria, Maria Jerez artistaren eskutik
Tabakalerak gaur inauguratu du Situ-akzioak proiektuaren erakusketa berria Maria Jerez artistaren eskutik. Erakusketa, Herri bat behar da mendi bat altxatzeko deiturikoa, IPI Karmengo Ama eta Herrera Ikastetxea eskolekin elkarlanean egin da, baita sorkuntza prozesuarekin konprometitutako familia talde batekin ere.
Situ-akzioak jolaserako, zentzumenen aktibaziorako, ikasketarako eta esperimentazio artistikorako eremuak sortzea bultzatzen duen proiektua da, batez ere hiru urtetik gorako umeentzat pentsatua, baina edozein adinetako publikoari irekia. Oraingo honetan, erakusketak etengabeko eraldaketan dagoen paisaia batean barneratzera gonbidatzen gaitu, non ematen dugun urrats bakoitzak eta egiten dugun keinu bakoitzak, gure ingurua aldatzeko eta moldatzeko gaitasuna duen.
“Herri bat behar da mendi bat altxatzeko erakusketak unibertso batean murgiltzen gaitu, eta bertan paisaia ez da bakarrik begiratzeko, parte hartzeko ere bada. Gora igo, mugitu, biratu, putz egin edo laztantzetik, soilik begiratzera, paisaia horrekiko interakzioak aukera ematen digu inguratzen gaituena ulertu eta harekin lotzeko modu berriak aztertzeko”, azaldu du Tabakalerak.
Erakusketak esploratzera eta irudimenera bultzatzen gaituzten askotariko elementuak aurkezten ditu: hazten diren mendiak, biraka dabilen eguzki erraldoi bat, lurpeko munduetara garamatzaten oihalak… Maria Jerezen proposamena ez da soilik erakusketa bat, familiek parte hartzeko eremu eta elkargune bat ere bada.