Udal eraikinetako garbitzaileek greba egingo dute
Maiatzaren 13tik 19ra greba egingo dute Donostiako udal eraikinetako garbitzaileek. Gizatzen enpresak azpikontrataturiko langileek betetzen dituzte lan horiek, eta “soldaten eskala bikoitzarekin” bukatzeko mobilizatuko direla jakinarazi du enpresa batzordea. LSB, ELA, ESK eta CCOO sindikatuek osatzen dute batzorde hori.
Gizatzen enpresarentzat 180 pertsona inguruk lan egiten dute, eta horietatik %90 baino gehiago emakumezkoak dira. Gainera, langileen herenak aldi baterako kontratuak dituzte.
LSB sindikatuak kritikatu duenez, Gizatzen enpresak zerbitzuaren ardura 2022an hartu zuenean, “soldata eskala bikoitza” sortu zuen. Horrela, langile batzuei eta beste batzuei aplikatzen dieten lan hitzarmena desberdina da. Aurreko enpresa adjudikaziodunetik zetozen langileei enpresaren lan hitzarmena aplikatzen diete, eta 2022ko otsailetik aurrera kontrataturikoei Gipuzkoako Eraikin eta Lokalen Lan Hitzarmena. Ondorioz, Gipuzkoa mailako lan hitzarmena dutenek 4.000 euro gutxiago kobratzen dute urtean.